Partida hasiera zoragarri bati esker bederatzi gol aurretik jarri ziren hondarribiarrak, baina bigarren zatian Ereintza asko urreratu zitzaien.
Lehen zati bikaina egin zuen Il Capo Hondarribiak
Il Capo Hondarribia taldeak 25-26 irabazi zuen larunbat arratsaldean Errenteriako Galtzarabordan, Euskal Ligako laugarren jardunaldiari zegokion partidan. Lehen minutu bikainetan oinarritu zuen taldeak garaipena. Defentsan dena ondo eginez eta erasoan aurkariaren harresian zuloan aurkituz, 1-6 aurreratu zen Hondarribia Eskubaloia. Bederatzi gol aurretik ere ibili ziren hondarribiarrak (5-14), baina lehen zatiko azken minutuetan Ereintza suspertu zen, aldea murriztuz (10-16 atsedenaldian).
Atsedenaldiaren ondoren indarrak parekatu ziren. Javi de la Hazaren mutilak aldeari eusten saiatu ziren, baina oreretarrak pixkanaka-pixkanaka markagailuan hurbildu ziren, bost minuturen faltan 3 golera jarri arte (21-24). Harmailen bultzadarekin, emaitza iraultzeko gai zirela sinistu zuten etxekoek, eta berdinketa gertu izan zuten, azken bost minutuetan 4-2ko partziala egin baitzuten. Baina azkenean, bi puntuen jabe egin zen Hondarribia Eskubaloia.
Javier Zamarreño izan zen hondarribiarren golegile nagusia, 10 golekin. Lehen zatiko azken minutuetan Iker Areak mina hartu zuen orkatilan, erorketa txar baten ondorioz, eta ezin izan zuen jarraitu.
Laugarren jarri dira
Garaipenaren ondoren, multzoko lehen postuetara itzuli da Il Capo Hondarribia. Laugarren jarri dira, hiru garaipen eta porrot batekin (
ikusi sailkapena). Hurrengo partida Gure Auzuneren kontra jokatuko dute, igande eguerdian, Hondartzan. Sailkapenaren erdialdean daude gasteiztarrak, bi partida irabazi eta beste bi galduta.