Gau bakarrean bete dira plaza guztiak Ospitale Zaharrean eta Martindozenean.
Lakaxita hustu ondoren, Ospitale Zaharrean egindako elkarretaratzea.
Irungo Udalak migranteek gaua pasatzeko egokitu diren instalazioei buruzko informazioa eta datuak eman ditu. Bi instalazioak, Ospitale Zaharra eta Martindozenea, oro har, ez direla betetzen ari azaldu du udalak, salbuespenak salbuespen.
Gau bakarrean bete dira Ospitale Zaharreko 24 plazak, eta joan den asteazken gauean izan zen. Irekita dagoenetik astebete pasatxo igaro denean —urriaren 10ean ireki zuten—, guztira, 119 lagunek lo egin dute bertan.
Udalak jakinarazi duenez, Martindozenean ere gau bakarrean iritsi dira 60 plazak betetzera, nahiz eta ez duen zehaztu zein egunetan.
Eguneko zerbitzua
Orain,
Harrera Sareak egiten duen eskaera nagusia, eguneko zentro bat egokitzearena da. Horrekin lotuta, udalak Gizarte Topalekuaren ordutegia zabaltzeko asmoa agertu du. Datozen asteetan haren kontratua berrituko duela esan du, eta urte osoan, egunero, 10:00etatik 19:00etara zabalduta egotea da helburua. Orain lanegunetan 10:00etatik 14:30era dago zabalik.
Gizarte topalekuan dutxa eta higiene zerbitzua, arropa garbitzeko zerbitzua eta konpainia zerbitzua ematen dituztela jakinarazi du udalak. Plaza kopurua mugatua da, 24.
Lakaxita hustu izanak bultzatuta, Ospitale Zaharreko instalazioak ireki zituen udalak, arrazoiren batengatik Martindozenean gaua pasatu ezin zuten pertsonek egin ahal izan zezaten. Martindozenea erakundeen mahaiak kudeatzen du, eta berak ezartzen ditu sarbiderako irizpideak.
Instalazio horietan gaua pasatzen dutenei gosaria, bazkaria eta afaria eskaintzen diete. Ospitale Zaharrean daudenek, lanegunetan, gosaldu eta bazkaldu eguneko zentroan egin behar dute, eta afariak eta asteburuetako otordu guztiak Ospitale Zaharrean bertan egiten dituzte. Martindozenean, berriz, otordu guztiak han egiten dituzte. Edonola ere, ezin dute eguna bertan igaro.
Bilerak
Irungo Udalaren arabera, hainbat bilera egiten ari dira egunotan gai horiek lantzeko. Esaterako, Jose Antonio Santano alkateak Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuarekin hitz egin du, azken honek asteazken honetan Madrilen egitekoa zen bileran negoziatzeko.
Gaur bertan bilduko da erakundeen mahaia.