Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartea sortu dute. Bidasoan 36ko gerratik trantsiziora arteko tartean gertatutakoa ezagutarazi nahi du taldeak.
Gernika Bataloia 1945eko apirilaren 19an, Soulac sur Mer-en (Frantzia). Irudiaren erdian ageri da Kepa Ordoki komandantea.
Kepa Ordoki Vazquez (Irun, 1913-Baiona 1993) 36ko gerran eta II. Mundu Gerran borrokatu zuen gudaria izan zen;?gudari garrantzitsua, zilarrezko izarra zuen gerra gurutzea ere jarri zioten, eta Charles De Gaulle generalak berak agurtu zuen:?«Komandante, Frantziak ez du inoiz ahantziko euskaldunek herrialdea askatzen egindako esfortzu eta sakrifizioak».
Gudari garrantzitsua izan arren, askok ezer gutxi edo batere ez jakingo dute hari buruz edota hark egindakoari buruz. Hain zuzen, komandantearen heriotzaren 25. urteurrena baliatuz sortu dute Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartea, eta helburua Ordoki eta bera bezala «askatasun, demokrazia eta justizia sozialaren alde borrokatu edota bizitza eman zutenak» ezagutarazi eta gogora ekartzea da.
Elkarteak 1936tik 1978ra arteko denbora tartea izango du aztergai:?altxamendua, 36ko gerra, frankismoa eta trantsiziora. Eskualdeko ikuspegitik helduko diote gaiari, Irun, Hondarribia eta Hendaia herrietan gertaturikoa baliatuz.
Peli Lekuona elkarteko kidearen esanetan, memoria historikoa berreskuratzea oso garrantzitsua da herrien etorkizunerako: «Beti esaten da historia zirkularra dela. Begira ze ironikoa den, duela 80 urte ere euskaldunak eta espainiarrak Frantziara joan zirela errefuxiatu gisa, eta gaur egun, 2018an ere errefuxiatuak ditugula ibai bera gurutzatzen». Zentzu horretan, nondik gatozen eta gizarte gisa aurreratzen eta hobetzen jarraitzeko memoria jakitea oso garrantzitsua dela nabarmendu du. «Gure eskualdean ezin gara arrazistak izan» gaineratu du Lekuonak, «kontuan hartuta gure arbasoei zein harrera ona egin zieten Frantzia hegoaldean, Espainiako beste zenbait tokitan edota Hego Amerikan».
Bileraz bilera
Elkarteak urte honetan bertan ekin dio bere ibilbideari, urte hasieran. Pixkanaka elkartzen hasi ziren, bi aitzakiak bultzatuta: memoria historikoaren hutsunea eta Kepa Ordokiren heriotzaren urteurrena. Bileraz bilera —astean behin elkartzen dira— helburuak eta lan ildoak zehazten eta lehen ikerketa txikiak edo dibulgazio lanak egiten hasi ziren, eta dagoeneko, lehenengoa, Irungo atxilotze guneei buruzkoa argitaratu dute. Elkartearen webgunean kontsulta daiteke. Horrez gain, urtekari bat ere argitaratzeko asmoa ere badutela aurreratu du Lekuonak. Dibulgaziorako beste ardatz bat hezkuntza izango da, eta ikastetxeetara ere joan nahi dutela adierazi du:?«Oso interesgarria da curriculumeko hezkuntza orokorra, baina pena pixka bat ematen digu tokiko gauzak ez ezagutzeak. Horregatik gustatuko litzaiguke gai batzuk garatu eta eskoletan lantzea».
Ikerketen atzean dokumentazio lan handia egiten ari dira, eta askotan nahi duten guztia aurkitzea ez dela erraza izaten azaldu du elkarteko kideak. Horretarako, artxibategietan eta Interneten egiten dituzte bilaketak, eta dokumentuekin batera argazkiak ere metatzen ari dira horiei esker. Hala nola, Irungo atxilotze esparruetako «argazki mordoa» topatu dutela aipatu du Lekuonak. Gainera, Frantziako hedabideetan egindako bilaketei esker, Hego Euskal Herrian naziek zuten eragina ikusi ahal izan dutela esan du. Azkenik, Iruñea nahiz Oñatiko artxibategietan ere Iruni buruzko informazio dexente jasotzen ari dira. Bidasoa gune estrategikoa izanda, lan esparru handia daukate aztertzeko, Lekuonaren aburuz.
Testigantzak
Informazioa lortzeko beste bideetako bat testigantzak dira. Hala nola, hiru irundarrekin hitz egin dutela jakinarazi du Lekuonak. Paco Perez Luzarreta da haietako bat. Gernika Bataloeiko gudari izandakoak Kepa Ordokirekin batera borrokatu zuen. Meliton Manzanesek torturatua izan zen ere. Oso pertsona interesgarria eta atsegina dela esan du Lekuonak, eta informazio asko eman diela. Karmentxu, berriz, umea zela atxilotze guneetan egon zen irundar bat da, eta gune horiei buruzko kontakizuna egin die. Azkenik, Katea auzoko gizon batekin ere izan dira, eta berak azaldu die nolakoa zen auzoa garai hartan, zein etxe mantentzen ziren… Troski deitzen zioten bizilagun bati buruz ere hitz egin die Kateako bizilagun horrek.
Herritar horiekin elkarrizketak egiten ibili dira, eta momentu horiek baliatu dituzte bildu dituzten argazkiak erakusteko. Modu horretara, jende eta toki ugari identifikatzea lortu dutela adierazi du Lekuonak. Edozein modutan, testigantzak lortzea «geroz eta zailagoa» dela onartu du Kepa Ordoki elkarteko kideak, denborak euren kontra jokatzen duela aintzat hartuta.
1.908 lagun pasatu ziren Irungo atxilotze guneetatik
Kepa Ordoki elkarteak egin duen lehen ikerketa atxilotze guneei buruzkoa izan da. Atxilotze gune horiek muga igarotzen zuten lagunak kontrolatzeko esparru batzuk ziren. Kontrolak izaten ziren Avenida eta Behobiako zubietan, eta handik bideratzen zituzten atxilotze guneetara. Erregimena ezarri berritan jarri zituzten, eta Irunen luzaroago izan zen martxan 1939tik 1942ra. Peli Lekuona Kepa Ordoki elkarteko kideak azaldu duenez, hiruzpalau egunetako egonaldiak egiten zituzten, eta bertatik jendea nora bideratuko zuten erabakitzen zuten. Haietako batzuk kontzentrazio esparruetara bidaltzen zituzten. Erbestetik zetorren jendea, berriz, erregimen berrian sartuko zirela ziurtatu ondoren, aske uzten zituzten.
Bost gune identifikatu dituzte: Gal Stadiuma, Pabellon Ferroviario Pequeña Velocidad (Aduana eraikina atzealdean), Irungo Kartzela —Lapitze auzoan zegoen, egun Pio Baroja eta Bidasoa institutuak dauden lurzoruan—, Pabellon Hilaturas Ferroviarias —Anaka auzoko egungo beilatokian—, eta Behobiakoak —Arocena ardoen pabiloia eta Kaiola dantzaleku-jatetxea—.
Lekuonaren arabera, atxilotuta zeudelarik erregimen berriaren umiliazio guztiak jasaten zituzten presoek: «Argazki batzuetan ikusten da soldadu errepublikanoek Pabellon Pequeña Velocidaden meza militar bat jaso behar izan zutela, belaunikatzera derrigortuta». Irungo kartzelako egoera ere oso txarra zela esan du. Bilboko lagun baten testigantzari esker, jaso dute XIX.mendeko kuartel batzuk egokitu zituztela 600 lagunentzat, oso modu prekarioan. Rodolf Bach izeneko preso hungariar bat bere buruaz beste egitera iritsi zen, «pentsa nolako egoera pairatu behar izango zuen», azaldu du.
Irungo atxilotze guneetatik 1.908 lagun pasatu zirela kalkulatu du elkarteak, nahiz eta datuen zehaztasuna ez den guztizkoa, Irunen zerrendatzea kopuruekin bakarrik egiten zutelako, ez, izen-abizenekin beste toki batzuetan horrela egiten zuten moduan.
Hilaturas
Emakume, haur eta adineko pertsonei dagokienez, badakite Pabellon Hilaturasen egoten zirela; bereziki, Karmentxu deitzen den emakume irundar baten testigantzari esker —85 urte ditu—. «Berak beti aipatzen digu Irunera heldu bezain pronto egurrezko autobus batean sartu zituztela, Irun gurutzatu zutela, eta Pabellon Hilaturasen egon zirela. Esan zigun bazegoela txoko bat, sarreran mahai bat, eta horren inguruan egoten zirela agintari falangistak. Barruan, berriz, gehienbat, emakumeak, haurrak eta adineko jendea».
Karmentxuren familiak atxilotze gunetik atera, eta Errenteriara joateko aukera izan zuten Leandro Rekondo erregimenaren aldeko enpresari irundar bati eskatu zioten bermeari esker. Berme horiek ezinbestekoak ziren jendea erregimen berrian integratuko zela ziurtatzeko. Normalean, erregimenarekin bat egiten zuten pertsonei eskatzen zieten errepublikanoek.