Izuaren Etxea egin egingo dela ziurtatu du Gazteriako Udal departamentuak. Hori bai, beste toki batean egin beharko dute.
Atxikitako zatiko zutabe batean agertu da pitzadura
Saindua Udal Gaztelekua itxi behar izan du Hondarribiko Udalak, eraikinari atxikitako zatiko egituran pitzadurak agertu direlako. Gaztelekuaren teilatuaren garai berekoa da zati hori, eta horregatik, eraikin osoaren egituraren egoera aztertuko behar dute teknikariek. “Lagin batzuk egin behar ditugu. Lagin horiek aztertuta, udal teknikariek esango digute zer den egin behar duguna”, azaldu du Maria Serrano Gazteria zinegotziak.
Serranok nabarmendu duenez, “zuhurtziaz” jokatu nahi izan dute: “Azterketa horiek esaten digutena itxaron behar dugu, baina bitartean eraikina ixtea beharrezkoa iruditzen zaigu, zuhurtziaz jokatuta. Azterketa horiek esango digute zenbatekoa den gertakaria eta nola jokatu behar dugun epe labur eta luzean”.
Gaztelekua berritzekotan zirela iritsi da albistea. Berritze proiektua dagoeneko idatzita dago eta aurrekontuetan onartuta: “Udala obrak lizitatzeko azken pausuak emateko faltan dago”. Nolanahi ere, egituran agertutako pitzadurek aldaketarik ekarriko ote duen ikusi beharko da: “Lagin hauen erantzunen esperoan gaude, eta informazio guztia eskutan dugunean, erabakia hartuko dugu”, erantsi du Gazteria zinegotziak.
Izuaren Etxea bai, baina beste nonbaiten
Saindua ixteak Gazteria departamentuko eta Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuaren jardueran eragingo du, jarduera horren zati bat Sainduan burutzen dutelako. Besteak beste, Gau Beltzarekin batera egitekoa zen Izuaren Etxea, eta aurretiko prestaketa tailerrak, dira gaztelekuaren itxierak baldintzatuko dituen ekitaldietako bat.
Lurdes Cabezon Gazteria teknikariak HITZAri azaldu dionez, “ekitaldirik ez etetea da asmoa”. Jarduera bakoitza nora mugitu aztertzen ari dira, eta hainbat aukera dituzte mahai gainean, horien artean Puntaleko eskola zaharrean Gazte Xaiak libre utzitako lokala, Gazteriako Javier Ugarteko egoitzako aretoa, edota Soroetako pilotalekua. Gaur bertan bilera egingo dute gazteekin Soroetan, 17:00etan, programazio aldaketen berri emateko.