Batetik, 539.000 euro bideratuko dituzte behin-behineko 44 kontratu berri egiteko, eta bestetik, 372.000 euroko diru laguntzak emango dituzte enpresek kontratu berriak egin ditzaten.
Lanbideren bitartez eskaini dituzte lanpostuak
Irungo Udalak jakinarazi duenez, zenbait neurri martxan jarriko dituzte Irunen enplegua sustatzeko. Bi bide izango dituzte: batetik, enplegu publikoko 44 lanpostu (behin-behinekoak) eta, bestetik, enpresentzako diru laguntzak.
Kontratu berriei dagokionez, Lanbidek 641.000 euro pasatxoko diru laguntza emango du, eta horietatik 539.000 euro pasatxo, udalak kudeatutako kontratuetara bideratuko dira, 32 pertsona, hain zuzen. Horrez gain, beste lau kontratutako dituzte Bidasoa Bizirik-erako eta beste zortzi txertatze enpresetarako.
Kontratu gehienek sei hilabeteko iraupena izango dute eta egun osokoak izango dira. 55 urtetik gora eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenei zuzenduta egongo dira; baita beste pertsona batzuei ere (35 urtetik beherakoak, sei hilabete baino gehiago langabezian dauden 45 urtetik gorakoak, urritasunen bat daukatenak, familia zama daukaten emakumeak…).
Kontratazioa eskatzeko Lanbiden izena emanda egon beharko dute, eta Bidasoa Bizirik-en bidez eman ahal izango dute izena. Kontratazio guztiak abenduaren 31 baino lehen egin beharko dira.
Iaz, 55 lagun kontratatu zituzten neurri horien bidez; gehienak emakumeak (%58), 35 urtetik beherakoak (%40), Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen zutenak (%32) eta 55 urtetik gorakoak (%12).
Kontrataziorako laguntzak
Beste 372.000 euro enpresek kontratu berriak egin ditzaten bideratuko dituzte (udalak 270.000 euroko ekarpena egingo du eta Lanbidek 102.000 eurokoa), eta, gutxienez, 18 kontratazio berri egin ahal izango direla kalkulatu du udalak. 3-6 hilabetekoak izan daitezke. Ekaina eta abendura arteko kontratuak lagunduko dituzte. Eskaerak behin oinarriak publikatu ondoren egin ahal izango dituzte enpresek; urte bukaerarako publikatuta egotea espero dute.
Diru laguntza horien bidez kontratatu zituzten hogei lagunetatik hamalau lanean jarraitzen dute, udalaren arabera.
Gazteen kontratazioa
Lanbiderekin elkarlanean, 16-30 urteko gazteak kontratatzeko 55.220 euroko laguntza eman dio Lanbidek udalari, eta horrekin hiru lagun kontratatzeko asmoa dauka. Lanbiden nahiz Gazteen Berme Sisteman izena emanda egon beharko dute.