Irundarrek gustukoen dituzten hiriko txokoen argazkiak bidali ahal izango dituzte.
2018ko egutegiaren aurkezpena, iazko abenduan.
Aurten ere Irungo Udalaren egutegia herritarrek egindako argazkiekin osatuko dute. Iaz martxan jarritako esperientzia “positiboa” aintzat hartuta, aurten ere errepikatzea erabaki dute.
Gaia aldatu dute, ordea:
Irungo nire txokoa lelopean, asmoa hiriko txokoak bilatzen ari dira. “Norberarentzat berezia izan daitekeen txokoa, edo hiriko espazio ezagunen bat ikuspegi ezberdin batetik aterata”, hori bilatzen dutela azaldu du Jose Antonio Santano alkateak.
Gaur goizean egin dute aurkezpena. Gerardo Garcia IAE Irungo Argazkilarien Elkarteko presidentearen arabera, iaz herritarrek “harritu” eginarazi zituen bidalitako argazkien kalitate eta kantitatearengatik. Orduan, balkoitik ateratako argazkiak jaso zituzten. Udala eta IAE elkarlanean ari dira proiektu honetan, eta elkarteak irudiak aurrez aukeratzen ditu.
Argazkiak bidaltzeko oharrak
Norbaitek argazkiren bat bidali nahi badu, astelehen honetatik (urriaren 22) aurrera egin dezake, azaroaren 16ra arte.
Udalaren webgunean espazio berezi bat irekiko dute, eta irudiak bertatik bidali ahal izango dira.
Bidalitako argazkietatik hamahiru argazki aukeratuko dituzte: hil bakoitzeko bat eta azala.
Kalitate aldetik 30x20cm-koak izan beharko dute irudiek, eta 250-300ppp-ko erresoluzioa.
11.000 ale inprimatuko dituzte, eta doan banatuko dituzte HAZen.