Irunen eguneko zentro bat prestatzea eta inguruko herriei migranteen egonaldia posible egiteko baliabideak jar ditzaten ere eskatu du batzordeak.
Irungo Udaleko Bozeramaileen Batzordeak hiru eskakizun helarazi dizkio Erakunde arteko Koordinazio Mahaiari. Batetik, Martindozenea aterpetxearen erabilera malgutu eta eguneko zentro gisa erabili ahal izatea —eguerdira arte izango litzateke, gaua bertan pasatu dutenentzat nahiz ez dutenentzat—. Bestetik, Irunen eguneko zentro bat prestatzea. Eta azkenik, inguruko herrien elkartasuna eskatzea migranteen egonaldia posible egiteko baliabideak jar ditzaten.
Atzo elkartu zen bozeramaileen batzordea; lehenengoz, larunbatean,
Harrera Sareak San Juan plazan kanpaldia hasi ondoren. Bertan, eguneko zentroa eskatu eta gauez iristen diren migranteei lotarako toki bat eskaintzen ari dira.
Udalaren protokoloaren arabera, 22:00etan bukatzen da harrera zerbitzua, baina ordutegi horretatik aurrera ere iristen ari dira migranteak, Harrera Sarearen arabera. Udalak, oraingoz, ez du azken eskaera honen gaineko irtenbiderik eman.
Jose Antonio Santano alkatea Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako arduradunarekin hitz egin du, eta asteazkenean Madrilen egingo den bilera batera eramango du gaia. Bestalde, bozeramaileen batzordea berriro elkartuko da ostiralean.