Ligako lehen porrotaren ondoren, Euskal Ligako bosgarren postura jaitsi da Hondarribia Eskubaloia kirol elkarteko lehen taldea.
Il Capo Hondarribia eskubaloi taldeak 26-28 galdu zuen igandean Siglo XXI Plater Prestatuak Ordiziaren kontra. Partida oso lehiatua izan zen arren, Goierrikoak ia uneoro ibili ziren markagailuan aurretik. Hain zuzen ere, 5nako berdinketaren ondoren (10. minutuan), ordiziarrek bi goleko errenta lortu zuten, eta hortik aurrera partida kontrolpean izan zuten.
Bost aurretik ere jarri ziren (19-24), baina hondarribiarrek 3-0ko partziala gauzatu eta aldea murriztea lortu zuten, hamar minuturen faltan bi golera jarriz. Nolanahi ere, azken kolpea falta izan zitzaien, eta bi puntuek Hondartzatik ihes egin zuten. Iñigo Gomezek zazpi gol sartu zituen, eta Ander Bechetek bost.
Ligako lehen porrotaren ondoren, bosgarren postura jaitsi da Il Capo Hondarribia. Laugarren jardunaldia Oreretan jokatuko dute Javi de la Hazaren mutilek, sailkapenean puntu berdinekin dagoen Ereintza Beissierren etxean. Larunbatean izango da partida, 19:15ean Errenteriako Udal Kiroldegian.
Denboraldiko lehen porrota jaso du Il Capo Hondarribia taldeak