Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko dute ostiralean. Gaur xingola arrosak jarri dituzte Kasino Zaharrean eta Emekiren egoitzan.
Xingola arrosa Kasino Zaharrean jarri duten unea
Ostiralean ospatuko dute Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna, baina Hondarribian gaurtik hasita hasi dira gaia lantzen. Kasino Zaharrean eta Emekiren egoitzan xingola arrosak jarriz abiatu dituzte Bularreko Minbiziaren egunari lotutako ekintzak.
Xingolak jarri aurretik, udaletxeko areto nagusian aurkeztu dute egitaraua. Bertan izan dira Arantxa Berrotaran Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, Maider Sierra AECC Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko kidea, eta Edurne Iruin bularreko eta ginekologiako minbiziagatik eragindako Gipuzkoako emakumeen Katxalin elkarteko ordezkaria. Gaurko agerraldian egoterik izan ez duten arren, Emeki emakume elkarteak eta Nagusilan boluntario taldeak ere bat egin dute ekitaldi zerrendarekin.
Hirurak mintzatu dira sentsibilizazioaren eta prebentzioaren garrantziaz. Sierrak nabarmendu duenez, badira 25 urte Osakidetza urteroko kanpaina egokiak egiten hasi zela, baina hori nahikoa ez dela erantsi du: “Ez ditugu ahaztu nahi 45 urtetik beherako emakumeak, ezta gizonak ere, bularreko minbizia pairatzen dutenen %5 eta %8 artean gizonak izaten direlako”. Herritarrei elkartasuna adierazteko eskatu die AECCko kideak, eta gaixoei, erakunde eta elkarteengana hurbiltzeko, “laguntzeko gaudelako”.
Eskuak, bularreko minbiziaren kontra
Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna ostirala izango den arren, Hondarribian igandean egingo dute ekitaldi nagusia, San Pedro kalean. Urtero bezala, xingola arrosak banatuko dituzte bertan. Aurten berrikuntza bat izango dela aurreratu du Berrotaranek: “Panel zuri interaktibo bat jarriko dugu,
Denok elkarrekin bularreko minbiziaren kontra leloa idatziko dugu, eta gero, eskuak irin arrosarekin zikindu eta panelean aztarna uzteko aukera izango da, norberak gehitu nahi duen mezuarekin batera”.
Hori, igandean. Aurretik, ostiral goizean, Nagusilanek gidaturiko Ttipi-ttapa ordu eta erdiko paseotxoak egiten dituztenek, xingola arrosa soinean eramango dute jarrita. Ohi bezala, Itsas Etxetik abiatuko dira ttipi-ttapa, 11:00etan.