Behin-behinean San Juan plazan daude, larunbat gauaz geroztik, migranteei gutxieneko artatze bat emanez.
San Juan plazako harrera gunea.
Migranteek harrera duina edukitzea da Harrera Sarearen helburua, eta, Irunen, orain, lehentasuna haientzako eguneko zentro bat irekitzea da. Behin-behinean kanpaldia egiten ari dira San Juan plazan, larunbat gauaz geroztik, eta bertan migranteei gutxieneko artatze bat ematen ari dira.
Ion Aranguren Harrera Sareko kideak azaldu duenez, bertan gosaria eta informazioa eskaintzen ari dira migranteei, Lakaxitako gunea ordezkatuz. Era berean, gauez iristen diren migranteei lotarako gune bat eskaini diete, sarrerak 22:00ak arteko muga duelako udalaren dispositiboak, eta Bilbotik datozen autobusak 23:00etan iristen direlako. Horren harira, udalarekin hitz egitekoak dira Harrera Guneko kideak, “pentsatzen dut 00:00ak arte luzatzeko ez dela arazorik izango” azaldu du Arangurenek.
Gaur bertan Gurutze Gorriaren zentrora 50 laguneko autobus bat iritsi dela esan du Harrera Sareko kideak. Irunen, berriz, aurretik, beste 30 lagun inguru zeuden, baina zifra jakin bat ezin dutela jakin zehaztu du. Adin txikikoak ere badira tartean.
Gehienbat Guinea Konakritik datozen lagunak direla jakinarazi du, baita Mali, Senegal, Kamerun, Eritrea… Batik bat euren herrialdeetako egoera gatazkatsuetatik ihes egin duten lagunak dira.
200 boluntario inguru ditu Harrera Sareak. Antolatuta daude, eta txandak eginez egiten dute artatze lana. Edonola ere, horiek antolatzeko jende gehiago behar dutela esan dute.
Orain, Harrera Gunea irekitzeko udaleko nahiz aldundiko taldeekin hitz egiten ari direla azaldu du Arangurenek.