Asteburuan txapelketako laugarren eta azken proba jokatu dute Berlinen, eta hondarribiarra seigarren sailkatu zen.
Areitio, Berlinen, final erdietan (arg: Leonid Zhukov)
Bike Trialeko 2018ko Munduko Kopako behin betiko sailkapenean laugarrena izan da Ion Areitio hondarribiarra. Asteburuan txapelketako laugarren eta azken proba jokatu dute Berlinen, eta hondarribiarra seigarren sailkatu zen, finalean ohikoak ez dituen akatsak egin ostean.
Alejandro Montalvo espainiar gazteak irabazi du lehen aldiz Munduko Kopa. Bera izan da erregularrena, lau probetan podiora igo den bakarra, bi proba irabazita eta beste bietan bigarren geratuta.
Areitiok ondo hasi zuen txapelketa, Austrian bigarren eta Italian hirugarren sailkatu baitzen. Baina Anberesko hirugarren proban huts egin zuen —18. postuan geratu zen—. Eta Berlinen seiko finalera sailkatu zen arren, ezin izan zuen seigarrena baino postu hobea lortu, eta horrek azken podiotik kanpo utzi du hondarribiarra. Azken probako puntuazio bikoitzari esker laugarren sailkatu izan balitz, Thomas Pechhacker austriarra aurreratuko zukeen.
Azaroan, Munduko Txapelketa
Hiru aste barru urteko txapelketa inportanteenari aurre egin beharko dio Areitiok. Azaroaren 5etik 7ra Munduko Txapelketako jokatuko dute Txinan. Azken bi ekitaldietan hirugarren sailkatu eta gero, berriro ere ohorezko postuengatik borrokatzera bidaiatuko du hondarribiarrak Asiara.