Emakumezkoen Lehen Mailan bigarren urtea dute aurtengoa, eta bikain hasi dute denboraldia, aurreneko bi partidak irabaziz.
Express Hondarribia Ikasbasket saskibaloi taldeak garaipena lortu zuen larunbat arratsean Hondartza kiroldegian, Gernikaren kontra (68-57). Emakumezkoen Lehen Mailan bigarren urtea dute aurtengoa, eta bikain hasi dute denboraldia, aurreneko bi partidak irabaziz.
Kosta zitzaien hondarribiarrei partidan sartzea. Lehen zatian bizkaitarrak izan ziren nagusi eta lehen laurdenaren bukaeran 13 puntuko aldea izatera iritsi ziren (6-19). Hortik aurrera, pixkanaka errenta txikitzen joan ziren etxekoak, eta atsedenaldira minutu bat falta zela markagailua iraultzea lortu zuten (30-28).
Bigarren zatia parekatua hasi zen, baina hirugarren laurdenaren erdialdean Ikasbasketek 9-0 partziala egin zuen, 10 puntuz aurretik jarriz. Gernikak ez zuen partida galdutzat eman, eta 6 puntura hurbildu zen, baina aurten Oscar Ceak entrenatzen duen taldeak indartsu bukatu zuen norgehiagoka.
Jennifer Zelaieta izan zen etxekoen artean onena, 17 puntu, 7 errebote eta 25eko balorazioarekin. Cristina Gonzalezek 23 puntu sartu zituen, 22ko balorazio lortuz.
Hurrengo partida Barañainen jokatuko du Express Hondarribia Ikasbasketek, Lagunak Sernaman taldearen kontra. Hondarribiarrek bezala, nafarrek ere lehen bi partidak irabazi dituzte (
ikusi sailkapena).
Euskal Ligako kadeteen plenoa
Nagusiek ondo hasi badute, Ikasbasketeko neska kadeteek bikain ekin diote denboraldiari. Historian lehen aldiz Euskal Ligan jokatzen ari da Ikasbasket, eta lehen lau partidak irabazi dituzte. Azkena, etxean, Movilteck ISBren kontra 80-61 (
ikusi sailkapena).