Itsuek ikustea, ezgaitasun sentsoriala duten pertsonek audio-deskripzioaren bidez zinemaz gozatzea, hori lortu nahi du Irungo Orbela Kultur Elkarteak. Horrela azalduz gero ez da berritasuna, gaztelaniaz edota frantsesez, esaterako, ohikoa delako filmen ekoizpenean audio-deskripzioa lantzea. Baina euskaraz ez da sekula egin. Eta helburu horrekin Zinebai programa sortu dute, eta diru-bilketa abiatu goteo.org Interneteko plataforman.
Entzunezko azalpenak dira audio-deskripzioak, dialogorik ez dagoenean, filmean zer gertatzen ari den azaltzen duten mezuak. Hiru filmen audio-deskripzioa garatu nahi du Orbelak heldu den urterako. Dagoeneko titulu bat jakinarazi dute: Elcano, lehen mundu bira, hori izango da euskaraz audio-deskribatutako lehen filma, ekoiztetxearen oniritzia lortuta. Beste biak oraindik ez dituzte zehaztu. “Historian lehen aldiz, euskarazko zinea %100 irisgarria izango da emanaldi horietan”, nabarmendu du Raquel Hernandez-Boned Orbelako kideak.
Azaldu duenez, arlo teknikoan ez dago zailtasunik, teknologia dagoeneko existitzen delako, “ONCEk Zinebairen esku utziko ditu bere baliabideak. Hala, gure sakelakoan filmaren audio-deskripzioa jaisteko aukera izango dugu, eta aurikularren bitartez filma entzuteko, ez estreinaldi horietarako bakarrik, baizik eta edozein zine-aretoetan eta edozein proiekzioetan erabiltzeko”.
Irailaren 18an abiatu zuten mikro-mezenasgo kanpaina. Lehen fasean, 40 egunez, 9.858 euro lortu behar zituzten, eta atzo gainditu zuten muga hori, epea agortu baino bi aste lehenago. Lehen fasea gainditu izanak proiektua gauzatuko dela esan nahi du, eta Hernandez-Boned oso pozik azaldu da, ametsa izatetik egia izatera pasatu baita Zinebai: “Oso pozik gaude gutxieneko kopurura iritsi garelako. Jaso ditugun ekarpenei esker, Zinebai dagoeneko ez da ametsa, errealitatea izango dela ziurtatu daiteke. Lehen aldiz euskarazko hiru pelikula audio-deskribatuko ditugu”.
‘Elcano, lehen mundu bira’ izango da euskaraz audio-deskribatutako lehen filma
Gutxieneko kantitatea lortuta, diru-bilketaren maila hoberenera iristea da hurrengo helburua, 13.802 euro lortzea. Kopuru horrekin, gidoilariak kontratatu, ekoiztetxeekin harremanetan jarri, filmak proiektatzeko eskubideak erosi, hiru emanaldiak proiektatzeko aretoa alokatu… Finean, proiektua bere osotasunean gauzatzeko behar dena biltzea da orain Orbelaren xedea.
Proiektua lagundu nahi duenak edozein ekarpen egin dezake, baina 5, 6, 10, 15, 2, 25, 50, 75, 100 edo 500 euro jarriz gero, Goteon zehazten diren ordainsariak jasoko ditu trukean. Besteak beste, Elcano, lehen mundu bira pelikularen lehen saiorako sarrerak, edota filma ekoitzi duen Dibulitoon Studion marrazki bizidunen sorkuntza prozesua ezagutzeko aukera dira sarietako bi. Zinebai proiektua, gainera, Gipuzkoako Aldundiko Kultura departamentuaren Meta! 2018-ko deialdian hautatutako hamabost proiektuetako bat da. Horrela, Orbela elkartearen ekimenak jasotzen duen euro bakoitzeko, aldundiak beste horrenbeste jartzen du. “Meta! programan hautatu dituzten proiektuen artean gurea da orain arte babesle gehien lortu duen proiektua, horrek indarra ematen digu”, erantsi du, Hernandez-Bonedek.
Lanpostuen beharra
Film baten audio-deskripzioa egiterako prozesuan elementu asko sartzen dira, baliabide teknikoak, batetik, eta pertsonalak, bestetik, Biak hartu behar dira kontuan. Horiek guztiak lotzen saiatzen ari da Orbela, prozesua bideragarria egiteko behar den finantzazioa lortzeaz gain. Hernandezek onartu du baliabide pertsonalak direla orain arteko bidean aurkitu dituzten oztopo nagusiak: “Lehenago egin ez denez, ez dago euskarazko audio-deskripzioa egiten dakien gidoilaririk, hori da gehien kostatzen ari zaiguna”.
Euskarazko filmetan elkarrizketen arteko hutsuneak betetzeko, audio-deskripzioak idazteko eta grabatzeko jenderik ez badago, formatu egin beharko direla uste du Orbelako kideak: “Euskarazko hiru pelikula audio-deskribatuko ditugu, baina hori baino gehiago, atea ireki nahi dugu, aurrerantzean ekoiztetxeek aukera hau kontuan har dezaten. Audio-deskripzioan aritzeko gidoilariak beharko lirateke, testu mota horiek grabatzeko jendea ere beharko litzateke, prozesuan lanpostuak sortuko lirateke. Onura ez da ikusmen arazoak dituzten pertsonentzat bakarrik izango, ikus-entzunezkoen sektoreari lagunduko dio”.
Eta hala balitz ere, itsuek zinema ikusi ahal izatea beste arrazoirik ez balego, horrela ere mereziko lukeela uste du Hernandez-Bonedek: “Ez du axola zenbat diren, asko edo gutxi diren, eskubideez ari gara, zuk edo nik zinemaz disfrutatzen dugun bezala, pertsona orok zinemaz gozatzeko dugun eskubideaz”.
Beste hizkuntzetan garatua badago, zergatik ez euskaraz? Hori da Orbela Kultur Elkarteak Zinebai programa abiatzeko oinarrian zuen galdera. Eta horretan ari dira buru-belarri. Dagoeneko esan daiteke, datorren urtean hiru pelikula estreinatuko dituzte, eta aurrera begira atea irekita utziko, ezgaitasun sentsoriala duten pertsonek zinemaz euskaraz ere gozatzeko aukera eduki dezaten. Zaila zirudien, baina Zinebaik posible egingo du. Pantaila beltza kolorez margotzea bezalakoa izango da, itsuek zinema ikustea bezain erraza.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.