Atzo arratsaldean Arbesko Errota kaleko 10. zenbakian aldamioa erori zen. Ez zen inor zauritu, eta gertariak kalte materialak bakarrik eragin ditu.
Aldamioa erori da Arbesko Errota kaleko 10. zenbakian.
Arbesko Errota kaleko 10. zenbakiaren inguruak hondamendiaren lekuko izaten jarraitzen du gaur ere. Oraindik atzo arratsaldean goitik behera amildu zen aldamioa dago lurrean, suntsituta; D eskuko balkoi guztiak puskatuta —10. pisukoa izan ezik—; eta eraikinaren parean dagoen Arbesko Errota kaleko 8. atariko teilatua hondatuta.
Bizilagun taldetxoak ibili dira goizean panoramari begira, atzokoa gogoratzen. Denak bat datoz, “miraria” izan zela inor azpian ez harrapatzea eta zauriturik ez egotea. Taldetxo horren artean, 9. pisuko Miren Lakunza eta Miguel Gonzalez, eta 8. atariko etxearen jabea, Carlos Panizo zeuden. Lakunza eta Panizo ezbeharraren lekuko izan ziren.
“Korrika egin behar izan nuen, ez harrapatzeko”
Panizok azaldu duenez, lorategian zegoen momentu horretan: “17:45 edo izango zen. Hirugarren pisuko balkoian soinu bat entzun, eta aldamioa erortzen ikusi nuen: hasieran goitik behera, eta gero, alde horretara okertu zen [aurrealdera]. Korrika egin behar izan nuen, ez harrapatzeko”. Emaztea bera ere etxean zegoen une horretan, “susto galanta hartu genuen”. Kalte materialei dagokienez, teilatua hondatuta dagoela esan du, eta sukaldean kalte txikiak eduki dituztela. Edonola ere, gaua etxean pasatu dute. Dagoeneko asegururekin harremanetan jarri da, baina oraindik peritua ez dela pasatu esan du. Udaleko arkitektoa ere izan da kalteak ikusten.
Pareko etxebizitzako teilatua suntsitu du erorketak.
Lakunzak ere hondamendia ikusi eta bizitu zuen. Etxean zegoela —kaltetutako eskuko 9.en solairuan— “kraska bat entzun nuen; gero, plataforma bat erortzen ari zela ikusi nuen, eta bi langile nituen balkoian. Ziztu bizian balkoia ireki nien, etxean sartu ziren, eta korrika jaitsi ginen”. Langileak “izututa eta zuri-zuri” jaitsi zirela azaldu du, lankide gehiago zituztelako behean lanean, “egoera ikaragarri bat topatuko genuen beldur ginen”.
Hirugarren pisuko aldamioan langile bat zegoela azaldu du Panizok, eta soinua entzutean balkoira salto egin zuela; “barrura sartzeko oihu egin nion, eta momentu horretan iraultzen hasi zen, eta ni instintiboki palmondoaren azpira sartu nintzen, eta plataforma hori 50 cm-ra geratu zitzaidan”.
Bizilagunak, bikain
Ondoren, agertu ziren larrialdi zerbitzuak, eta gas isuri bat egon zitekeelakoan, bizilagun guztiak etxetik aterarazi zituzten. Lakunzak bizilagunen jarrera txalotu du, eta eta primeran tratatu zituztela esan du, “mantak, berogailua jarri eta ogitartekoak ere banatu zituzten”. Haatik, udalaren jarrera kritikatu du, eta “argazkirako” bakarrik etorri zirela iritzi dio, “inor ez zen bizilagunez kezkatu”.
Aldamioa erori da Arbesko Errota kaleko 10. zenbakian.
“Niretzat garrantzitsuena da ez dela ezer gertatu, kale honetan jendea joan eta etorri ibiltzen da, Irungo pasealeku tipiko bat da; gainera, autoak pasatzen dira, denda bat dago…, izugarrizko hondamendia izan zitekeen”.
Tania Conejero administratzaileak azaldu du aseguruak abisatuta daudela, eta orain kalteak lehenbailehen konpontzea falta dela. Bitartean, balkoirako leihoetan egurrak jarri dizkiete ez irten ahal izateko, eta gasa eta telefonia kableak ere konpondu behar dira.
“Egiturazko istripuak”
Manu Tena ELAko ordezkaria ere hondamendia ikusten izan da goizean, eta kasu honetan, “zorigaiztokorik” gertatu ez arren, halako istripuak “egiturazkoak” direla salatu du, azken egunetako lan istripuak gogoraraziz. Horregatik, behintzat, “ahanzturan” ez geratzea eta neurriak hartzea eskatu du.