Lau proposamen adostu dituzte, tartean, CBAn Gaztegunea martxan jartzea eta Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua abiaraztea.
Sintonia onean dabiltza Irungo Udaleko oposizioko taldeak, EAJ, EH Bildu eta Si Se Puede Irun (SPI), eta, oraingoan, kredituen aldaketarako proposamen bat adostu dute hiruen artean, “sei hilabeteko atzerapenaren ondoren, eta [Jose Antonio] Santanok hiru milioi euro kaxan dituela ikusita”, adierazi du SPIk.
Lau dira adostutako proposamenak, Gaztegunea abian jartzea, CBA Kultur Gunean “oraindik osatzeke dagoen zatian”; Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua ezartzeko izapideak abiaraztea, Lucas de Berroa kalean gizarte arloko erabileretara bideratutako eraikinaren proiektua idaztea; eta, azkenik, Energiaren Zerbitzu Berdea martxan jartzea.
SPIren arabera, proposamen guztiak “zentzuzkoak” dira, eta alkateak kontuan hartzea espero du: “Santano jaunak ez du gurekin inoiz negoziatu ezta adostu ere hemen zerrendatutakoen antzeko proposamenak ateratzeko”.