Ostegunean Boris Karloff izango da 'Frankenstein'
James Whalek 1931n zuzenduriko pelikula proiektatuko dute Denda kaleko aretoan, Mary Shelleyri buruzko zikloaren barruan.
Liburutegian kokatuta dagoen erakusketan argi geratzen denez, askotan eraman dute Shelleyk asmatutako pertsonaia pantaila handira, baina Whalek Universak Pictures ekoitetxearentzat zuzenduriko filma da ezagunena. Whale ez zen zuzenean jatorrizko eleberrian oinarritu, Peggy Weblingen antzezlan batean baizik. Hasiera batean, Bela Lugosiri eskaini zioten munstroaren papera —bi urte lehenago Dracula interpretatu zuen Lugosik—. Baina elkarrizketa ezagatik eta makilatu beharragatik, Lugosik ezetz esan zuen.
Karloffek, aldiz, erronka onartu zuen, eta horri esker beldurrezko zinemako ikonoetako bat bilakatuko zen. Frankenstein eta gero, beste bi moldaketatan interpretatuko zuen munstroaren papera, Frankensteinen neskalaguna (James Whale, 1933) eta Frankensteinen semea (Rowland Lee, 1939) filmetan.
Osteguneko emanaldirako jatorrizko bertsioa proiektatuko dute, ingelesez eta gaztelaniazko azpitituluekin. Mary Shelleyren Frankenstein… zikloko ekitaldi guztiak bezala, Kultur Etxeko proiekzioa ere doan izango da. Hori bai, lekuak bete arte.


