Helburua solidarioa denez, erreserbatzeko eskatu dute Fenomena Kultur Elkarteko antolatzaileek.
Ernesto Villar eta Javi Vitoria Fenomenako kideak, Kalixa Silanes Kultura zinegotziarekin
Iaz 150 lagunek bazkaldu zuten Fenomena jaialdian.
Aurtengo bazkaria solidarioa denez, kopuru horretara iristea espero dute Fenomena elkarteko antolatzaileek. Hala azaldu dute gaur goizean eginiko aurkezpenean. Hori bai, aldez aurretik erreserbatzea eskatu diete musika zaleei eta herritarrei oro har: “Bazkaria prestatu behar duen enpresari ostegunean esan behar diogu zenbat jende espero dugun”, esan du Ernesto Villarrek.
Larunbatean egingo dute Fenomena jaialdia, Kasino Zaharrean, 13:00etatik 23:00etara. Bazkaltzeko paella izango da, haragizkoa ala begetarianoa aukeran. Prezioa 12 euroan jarri dute (paella, edaria eta postrea barne), eta Ttoparan, Le Petit Tremen eta Txantxangorri eros daitezke, baita
Fenomena KEren Facebook orrian, mezu pribatuaren bitartez.
Hondarribia-Katsikaseko kideek eta zenbait laguntzailek zerbitzatuko dute bazkaria, eta etekina Irungo Harrera Sarearentzat izango dela nabarmendu du Villarrek: “Helburua polita da, eta ahalik eta jende gehien biltzea nahiko genuke. Baina esan bezala, ostegun goizera arte erreserbatzeko aukera dago, ostegunean erabaki behar dugu zenbat bazkari eskatu”.
Bazkarian berritasun batzuk egongo dira aurten. Mahaiak jarriko dituzte jaialdian zehar, Kasino Zaharrean sakabanatuta, “ezkontza bat balitz bezala”. Nolanahi ere, jaialdiaren espiritua ez dute galdu nahi, mostradorera joan beharko da janariaren eta edariaren bila.