Hilaren 6an arratsaldez pentsioen aldeko "belaunaldien arteko martxa" egingo dute Donostian, Alderdi Ederretik abiatuta.
Datorren astelehenean ez dira Hondarribiko pentsiodunak Kasino Zaharrean elkarretaratuko. Arrazoia, larunbatean Donostian manifestazioa deitu dutela, eta Txingudiko Pentsiodunen Plataformak hara joateko deialdia egin duela. Mobilizazio handia izatea espero da, “belaunaldien arteko martxa” gisa aurkeztu baitute. 17:30ean abiatuko da Alderdi Ederretik.
Gaur egin dute iragarpena, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunarekin batera egin duten protesta ekitaldian. Hilaren 15ean elkartuko dira berriro 11:30ean Kasino Zaharrean. Ondoren Santa Maria ateaurreko malda jaitsiko dute, eta San Juan de Diosen biribilgunean bukatuko dute protestaldia.
Orain arte elkarretaratzeak Alde Zaharrean eta Portuan egin dituzten arren, aurrerantzean Kasino Zaharrean egingo dituzte soilik. Hori bai, hileroko azken astelehenean manifestazioa egingo dute Kasino Zaharrean hasi eta San Pedro kalean bukatuta.
Hondarribiko pentsiodunak, gaur, Kasino Zaharrean (arg: Matias Guillo)