Lehen Mailatik jaitsi zenetik, aurreneko partida lehen aldiz irabazi dute hondarribiarrek.
Lortutako errentari esker, lehen postuan kokatu da Il Capo Hondarribia (iazko argazkia da)
Il Capo Hondarribia eskubaloi taldeak garaipena lortu zuen atzo Seguros Trueba Muskizen kontra (20-15), Hondartza kiroldegian jokatutako Euskal Ligako lehen jardunaldiko partidan.
Batez ere defentsa lanean oinarritutako garaipena izan zen –lehen zatian bizkaitarrek 5 gol sartu zituzten bakarrik–. Iñigo Gomez, 5 golekin, izan zen etxekoen golegilerik onena. Kanpoko taldeari dagokionez, Aingeru Villadak 4 sartu zituen.
Lortutako errentari esker, denboraldiko lehen liderra da Hondarribiko taldea (
ikusi sailkapena). Bigarren jardunaldia Basaurin jokatuko dute berdeek. Lehen partida Urdulizen galdu zuten basauriarrek eta euren zaleen aurrean ligako lehen puntuak eskuratu nahiko dituzte.
Lehen Mailatik jaitsi zenetik lehen aldia da Hondarribia Eskubaloiak liga garaipen batekin hasten duena. 2015-2016 denboraldian berdinketa lortu zuen taldeak lehen jardunaldian, eta orain bi urte eta iaz, lehen partida galdu zuen.