Urriaren 6an egingo dute hirugarren Fenomena jaialdia, Londresko The Hanging Stars taldea kartel buru izango duelarik.
Alien Tangoren saioko une bat, iaz. Aurten ere ez da psikodeliarik faltako
Egonkortu, hori nahi du aurtengo Fenomena Rock Jaialdiak bere hirugarren ekitaldian. Urriaren 6an egingo dute Hondarribiko Kasino Zaharrean eta bost talde elkartuko ditu, bat bermutaren orduan eta beste lau bazkalostean. Egun oso bat rockerako, Le Petit Treme tabernan gauerdira arte luzatuko dena. Formatu txikiaren ereduan sakondu dute, kalitatea bermatze aldera.
Fenomena Kultur Elkartearen eskutik sortu zen Fenomena jaialdia 2016an. Kontrakoa ere esan daiteke, jaialdia antolatzeko elkarte bilakatu baitziren Ernesto Villar, Patxi Bello, Oscar Markos eta Iñaki Vazquez musikazale hondarribiarrak —iaz Bellok utzi behar izan zuen, eta Javier Vitoria Toto sartu zen laukotean—. Vazquezek azaldu duenez, helburu argi bat zuten Fenomena antolatzen hastea erabaki zutenean: “Ohikoak ez diren musikak entzutea nahi genuen. Udalari eta erakundeei esan nahi genien badirela beste musika batzuk. Badira urtetik urtera egiten diren ekitaldi batzuk, ondo dago hori, baina beste musikek ere, rockak kasu honetan, lekua behar dute”.
Hirugarrenez egingo dute aurten Fenomena jaialdia. Aurreko bi ekitaldiak arrakastatsuak izan ziren, jendetza bildu zuten, batez ere adin batetik aurrerakoak. “Gu gazteak ginenean rock hiria zen Hondarribia, rock taldeak zeuden edonon, rocka entzuten zen tabernetan, orain gazteek ez dute rocka entzuten”, kexu da Vazquez: “Abuztu bukaeran Psilocybe Elkarteak urteurrena ospatu zuenean, jende asko bildu zen, baita gazteak ere, reggae kontzertuak erakarrita. Reggaerekin bai, baina rockarekin zailagoa ikusten dut. Psilocyben bertan ematen du rock talderik ez dela ateratzen”. Baina gazteak berriro reggaera bueltatzen ari diren bezala, zergatik ez rockera itzuli? Hori da Fenomena jaialdiaren beste helburuetako bat, rock kultura zabaltzea, egun Euskal Herrian eta kanpoan egiten ari den rock musikari eta taldeei bozgorailua jarri.
Unibertso horretan, jaialdira zein talde ekarri erabakitzeko elkarte barruan eztabaida sutsua izaten dutela onartu du Vazquezek: “Lau pertsona gara eta bakoitzak bere gustua du. Niri talde errazagoak gustatzen zaizkit, rockeroa naiz baina metaleroa ez; Ernestok askoz ere kultura zabalagoa du, eta denetarik gustatzen zaio; Oscar bereziagoa da, talde ilunak nahiago ditu… Gure gustuen oreka bat egin dugu, eta horrela publiko zabalagora iritsi gaitezke”.
Aurtengo karteletik berari gehien zein gustatzen zaionaz galdetuta, zalantzarik ez du: “Lobison gustatzen zait, rock lasaia baina mezuarekin… baina The Hanging Stars hiru urtetan ekarri dugun talderik onena dela uste dut. Atom Rhumbak sekulako kontzertua eman zuen iaz, baina Hanging talde bikaina da. Ikusiko dugu zein jarrera duten, ea iazkoa gainditzeko aukera dagoen”.
Formatu txikian gustura
Hiru ekitaldietan aldaketa txikiak izan ditu jaialdiak, eta aurten ere izango da berritasunik, baina etorkizunean formatu txikikoa izaten jarraituko duela ziurtatu du Fenomena elkarteko kideak: “Gustura gabiltza formatu honekin, ez dugu gehiago bilatzen, ez dugu jaialdi handiagorik nahi. Esaten digute handiagoa beharko lukeela izan, bi egunekoa… Ez, ez, hori ez da gure helburua”.
Are gehiago, aurtengoa txikiagoa izango da, sinpleagoa behintzat. Aurreko urteko kartelean kontzertuak eta DJak —lau talde eta hiru DJ— elkartu zituzten, eta bi gune izan zituen ekitaldiak, Kasino Zaharra eta Apezpiku plaza. “Erokeria izan zen guretzat, aurreko asteetan eta egunean bertan”. Aurten goizetik gauera arte izango da zuzeneko musika, baina gune bakarrean, Kasino Zaharrean. Eguerdirako, 13:00etatik aurrera, Oscar Benas y Los Herejes Instro Comboren saio instrumentala programatu dute, bermutaren ordua girotzeko. Gainontzeko kontzertuak bazkalostean izango dira, bata bestearen ondotik (ikusi ordutegiak ondoko zutabean). “Jaialdi txikiagoa egin nahi izan dugu, antolakuntza erraztu”. Hiru urtean ikasi dute zein den menperatu dezaketen tamaina, eta horrekin konforme dira. Ez dute handitu nahi, egonkortu baizik.
Antolatzeko erraztasuna bilatu du hirugarren Fenomenak, eta zalearentzat ere jaialdi oso erraza da, leku berean kokatzen baitira eguna pasatzeko behar den guztia: musika, jatekoa eta edatekoa, atsedenerako tokia. Gainera, hiriguneko sarreran dago, Ekialdebusen geltokiaren ondo-ondoan (Sabin Arana kaleko geltokia) kokatzen da Kasino Zaharra; jaialditik eskailerak jaitsita dago geltokia.
Basoa sarrera gisa
Aurreko ekitaldietan bezala, rock festa handia jasoko du urriaren 6an Hondarribiko Alde Zaharrak. Egun osoko festa izango da, eguerditik hasita gaueko hamaikak arte harresi gaineko zabaldegian, eta 23:30etik aurrera San Nikolas karrikako Le Petit Tremé tabernan. Eta dena doan, beno, gutxi gorabehera doan, aurten sarrera sinboliko moduko kobratuko baitute.
Iaz bezala, berriz erabiltzeko basoak banatuko dituzte txosnan. Hasierako asmoa iaz bezala basoagatik euro bakarra kobratzea zen, baina azken orduko albiste txar bat jaso dute antolatzaileek, eta 2 euroan jarriko dute edalontzia: “Joan den urtean aldundiaren diru laguntza jaso genuen Susperka programaren bitartez. Aurten ez dugu jaso, nonbait ez ditugu baldintza guztiak bete, eta dena kontratatua genuenean jaso dugu ezezkoa. Horregatik erabaki dugu basoarekin 2 euro eskatzea, sarrera sinboliko gisa, zorra kendu ahal izateko”.
Bestela, basoez gain, jaialdiko materiala salgai egongo da txosnan, lagundu nahi duenarentzat eskuragarri. “Kamisetak, poltsak eta aurten maindireak ere salduko dira egunean bertan”, erantsi du Vazquezek.