Hondarribiko Udal Liburutegiak 'Mary Shelleyren Frankenstein. 200 urte zatiak josten' zikloa abiatu, liburuak 200 urte bete dituenean.
Elena Odriozolaren antzokitxoa, Mary Shelleyren omeneko erakusketan
Mary Shelleyren Frankenstein. 200 urte zatiak josten izeneko zikloa abiatu du Hondarribiko Zuloaga Etxea Udal Liburutegiak. 200 urte bete dira aurten Mary Shelleyk
Frankenstein edo Prometeo modernoa (
Frankenstein or The Modern Prometheus) argitara eman zuenetik, eta aitzakia polita iruditu zaio Hondarribiko bibliotekari jendea erakartzeko. Hala, erakusketa bat (ikusi argazkiak behean), solasaldiak, proiekzioak eta tailerrak antolatu dituzte, dozena inguru ekitaldi, udazkenean zehar burutuko direnak.
Urriaren 20an urtea egingo du
liburutegi berritua inauguratu zutenetik. Kote Guevara liburuzainak onartu duenez, obraren aurretik ezinezkoa zen horrelako ziklorik antolatzea: “Lehen ez genuen baliabiderik. Orain baditugu, baliabide material eta pertsonal gehiago. Alde horretan pribilegiatuak gara, eta beste dinamika batean ari gara lanean”.
Zuloaga Etxeko atetik sartu baino ez da egin behar
Mary Shelleyren Frankenstein. 200 urte zatiak josten erakusketarekin bat egiteko. Filmetako kartelak hormetan, liburu, komiki eta DVDak bitrinetan, munstro bat Erdi Arko putzuaren gainean… Leire Cano Ereiten Kultur zerbitzuetako arduradunak azaldu du, munstroa baino, munstroaren sortzailea omentzea dela erakusketaren zikloaren helburua. “Munstroak lekua kendu zion Frankenstein doktoreari, izena kendu zion, eta Mary Shelleyri ere itzala egin zion, oso jende gutxik dakielako liburuaren egilea nor izan zuen”.
18 urterekin idatzi zuen Shelleyk
Frankenstein, eta bi urte geroago argitaratu. Zientzia fikziozko literaturaren aitzindaria izan zen eta hamaika moldaketa izan ditu literaturan nahiz zinemagintzan. Erakusketarako “material bitxiak” bildu dituztela nabarmendu du Guevarak. Hala, pelikuletako kartelak, liburuak, ipuinak eta komikiak —Koldo Mitxelena Kulturguneko Komikiguneak utzitakoak— ikus daitezke, baita erakusketarako propio sorturiko lan batzuk ere: Judas Arrietaren
photocall-a, Menina tailerreko Jonan Basterretxeak eta Idoia Seijok sorturiko munstroa, eta Elena Odriozola ilustratzailearen antzokitxoa, Nordikak argitaratutako liburuko marrazkietan oinarritutakoa.
Lehen proiekzioa urriaren 4an
Erakusketa abuztuaren 30ean abiatu zuten eta urte amaiera arte bisitatu daiteke. Gainontzeko ekitaldietako lehena urriaren 4 ostegunerako programatu dute. Egun horretan Kultur Etxeko areto nagusian James Whale zuzendariaren
Frankenstein (1931) proiektatuko dute 19:00etan, jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin.
Solasaldiei dagokienez, urriaren 11an (osteguna) abiatuko dute zikloa. Ylenia Benito eta Danele Sarriugarte idazleek
Frankenstein eta emakumea izango dute hizpide. Orotara lau solasaldi antolatu dituzte eta Kultur Etxeko 103 aretoan egingo dituzte, 19:00etan.
Bukatzeko, haurrentzako aurreneko tailerra urriaren 16an egingo dute. Egitarauak lau tailer biltzen ditu, eta bakoitzarentzako eman behar da izena. Gainera, urriaren 31n
Geltokian kontatutakoak izenburuko ipuin kontaketa musikatua jasoko du Zuloaga Etxeak, Ameli eta xirrikituen jostunak taldearen eskutik. 12 urtetik gorako haurrentzako saioa izango da eta, abisatuta zaudete, “heriotza” izango da gaia.