Hondarribiak aukerak izan zituen lehen zatian aurretik jartzeko, baina irundarren lehen golak min handia egin zion taldeari.
Lehen zatian gola sartzeko aukerak izan zituen etxeko taldeak
Hondarribiak ezin izan zuen ezer onik atera larunbat arratsaldean Hondartzan jokatutako Ohorezko Mailako derbitik. Real Unionek 0-4 irabazi zuen, eta berdeak multzoko azken postura jaitsi dira, hirutik hiru galduta (ikusi
sailkapena). Partidaren aurretik Ama Guadalupekoa traineruko arraunlariak omendu zituzten, eta minutu bateko isilunea gorde zuten, joan den astean zendutako Borja Pardavila jokalari ohia gogoan.
Emaitzak kontrakoa adierazten duen arren, lehen zatian etxekoek markagailua irekitzeko aukerak izan zituzten, baina irundarrak aurreratu ziren 28. minutuan korner batean. Hondarribia berdinketaren bila joan zen, baina Unionek oso partida serioa egin zuen defentsan. Atsedenaldiaren aurretik, kontraeraso batean baloi bat langara bota zuten txuribeltzek —larunbatean horiz jokatu zuten—.
Bigarren zatiaren hasieran bi taldeek izan zituzten aukerak aurkariaren atea zulatzeko, baina kanpotarrenak izan ziren argienak. 70. minutuan sartu zuten bigarrena, eta hortik aurrera zelaiaren jaun eta jabe egin ziren. 80 eta 81. minutuan iritsi ziren azken bi golak, etxekoek defentsan utzitako hutsuneak baliatuz.