Egiluze (San Jose) ikastetxeak bat egin du 1987tik egiten den lasterketa sinbolikoarekin. Aurtengo ekitaldia urriaren 8an bukatuko da, Lisboan.
Egiluzeko irakasle eta ikasleak, biharko lasterketarako prest
Peace Run bakearen aldeko lasterketa Hego Euskal Herrira iritsiko da bihar, eta Hondarribian egingo du geldialdia. 09:15an harrera egingo zaio udaletxean eta, jarraian, lastargiak Alde Zaharra eta Portu auzoa zeharkatuko ditu, Egiluze ikastetxeraino. Ikastetxeak aurreratu duenez, Egiluzeko 250 haurrek hartuko dute parte korrikaldian. Ondoren, “hiritar guztientzako ekitaldi xumea” egingo dute ikastetxeko jolastokian, 10:15ean, karrerak Oreretarako bidea hartu aurretik.
1987an hasi ziren Peace Run egiten. Sri Chinmoy bakezale eta artista bengaliarrak sortu zuen, munduan bakearen aldeko mezua zabaldu asmoz. Lehen ekitalditik 150 herrialde zeharkatu ditu, eta 10 milioi pertsona baino gehiagok egin dute bat ekimenarekin.
Aurtengo ekitaldia 31.a da, Sofian (Bulgaria) hasi zen otsailaren 27an eta Lisboan (Portugal) bukatuko da urriaren 8an, Europa goitik behera zeharkatu eta gero. Bidean, adin, kultura, sinesmen eta bizimodu anitzeko komunitateak eta pertsonak bisitatuko ditu bakearen aldeko lasterketak.