Entzun Euskaraldiaren abestia eta eman izena Ahobizi edo Belarriprest bezala.
Euskaraldiaren aldeko argazkia, Kai Zaharrean
Dagoeneko izena eman daiteke azaroaren 23tik abenduaren 3an Euskal Herri osoan egingo den
Euskaraldia ekimenerako. Tokian tokiko hizkuntza ohiturak eraldatu nahi ditu eta, bistan denez, Hondarribian ezinbestekoa da hori erabilera datuak iraultzeko.
Ahobiziak eta Belarriprestak izango dira Euskaraldiko protagonistak. Ahobiziek, ahal duten guztietan euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute. Belarriprestek, ulertzeko gai baina hitz egitea kosta egiten zaienek, euskaraz aritzeko gonbidapena egingo diete gainerakoei. Ahobizi ala belarriprest izan, hiru modu daude Hondarribian izena emateko: BAZ bulegoan (udaletxeko arkupeak), Euskara Udal Zerbitzuan (Pampinot kalea), eta
euskaraldia.eus webgunean. Aurreneko bietan egiten duenak,
Hondarribian euskaraz, Euskaraldia lelodun poltsa jasoko du opari.
Arantxa Berrotaran Hondarribiko udaleko Euskara zinegotziaren hitzetan, “euskaltzaleak aktibatzea” da Euskaraldiaren asmoa: “Azken ikerketek diote euskararen ezagutza handitu dela, baina erabilera ez dela hein berean areagotu. Hori dela eta, Euskaraldiak 11 egun horietan 16 urtetik gorako herritarra Ahobizi eta Belarriprest izateko gonbita egiten dugu”.
Hirigunean, bostetik batek
Soziolinguistika Klusterrak 2016an egindako ikerketaren arabera, Hondarribiko euskaldun kopurua 9.524koa da (%60), baina horietatik bakarrik %24,6-k egiten du euskaraz. Hamarretik sei euskaldunak dira, baina lautik batek erabiltzen du.
Adin taldeen arabera, haurren (2-14 urte) %41,6-k egiten du euskaraz, gazteen (15-24 urte) %11,3-k, helduen (25-64 urte) %20,1 eta adinekoen artean (65etik gora), %20.
Auzoei dagokienez, gehien Amute-Kostan eta Akartegin egiten da (%31), eta Zimizargan %25. Euskara gutxien entzuten den auzoak Puntala eta Alde Zaharra (%20’9), eta Portua (%20’6) dira.