Abotsanitzen galderei erantzunez, "egituraren ahultasuna nabaria" dela onartu du Portu Zuzendaritzak. Goiko pisura ibilgailuz sartzea debekatu dute.
Zutabeen hormigoizko egiturak oso ahulduta daude eta burdinezko armadurak herdoilduta
Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietarako Zuzendaritzak Benta Zaharra sendotzeko proiektua prestatu du, zutabeak oso ahulduta daudela ikusita. Abotsanitzek egindako galderei erantzunez, egituraren ahultasuna nabaria dela onartu du Portu Zuzendaritzak: “Hormigoi armatuzko egitura honek dauzkan patologiak oso nabariak dira, batez ere, armadurek dituzten korrosioak, baita hormigoiak dauzkan sekzio galerak”.
Abuztuaren 22an egin zuen galdera Abotsanitzek eta hil horren 31n erantzun zuen jaso erantzuna. Bertan, egiturak sendotzea behar duela eta dagoeneko, Hondarribiko Kai Zaharreko Egituraren Birgaitze Proiektua prestatu duela erantzun du azpiegituraren eskumena duen erakundeak.
Portu Zuzendaritzaren proiektuak Benta Zaharreko egituraren egokitze eta birgaitze lanak jasotzen ditu, baita dikearen sekzio estrukturalaren konpontzea eta sendotzea ere. Horrekin, batetik, kaiaren segurtasuna bermatu nahi da eta, bestetik, ekaitz berrien aurkako babesa hobetu. Hala, dikearen harri-lubetaren birjartzea planteatzen du Kai Zaharreko egitura birgaitzeko proiektuak.
Gutxi barru hasiko dira lanak
Abotsanitzi erantzuteko idatzian, obrak kontratatzeko prozedura gutxi barru abiatuko direla adierazi du Portu Zuzendaritzak. Dagoeneko, Bentako aparkalekuko goiko pisura —egoera txarrean dagoen egiturak eusten duena— debekatu egin dute ibilgailuekin sartzea.
Enparanek poza azaldu du proiektua prest dutela jakin dutenean: “Zutabeen egoera ikusita kezkatuta ginen, eta pozten gaitu jakiteak jaurlaritzak ere kezka bera zuela, eta proiektua idatzi dutela. Gainera, erantzunaren azkartasunak harritu gaitu, hamar egunetan jaso dugu erantzuna. Udalean galdera bat egiten dugunean askoz ere denbora gehiago behar izaten dute erantzuteko”.