Hilabetez eguneko 4 euroko isuna ezarri dio epaileak Muara elkartearen kontrako azken erasoa burutu zuen pertsonari.
Artaziekin moztu zuten Muara elkarteko ikurrina
Erasotzaileak berak proposatutako isuna baino txikiagoa ezarri diote abuztuaren 30ean Hondarribiko Muara elkartearen ikurrina guraizeekin moztu zuen A.F.S. bisitari jaendarrari. Abuztuaren 30ean izan zen erasoa, 2018an elkarteak jasan duen bigarrena. Irailaren 5ean egin zuten epaiketa azkarra eta astelehenean kaleratu zuten epaia. Hilabetez 4 euro eguneko, 120 euro, hori da ordaindu beharko duen isuna. Horrez gain, 118 euro eman beharko dizkio Muarari, eragindako kalteengatik.
Herenegun izan zuten Hondarribiko elkarteko arduradunek epaiaren berri. HITZAren galderak erantzuterakoan, oso haserre azaldu dira: “Epaiak, Espainiako Estatuaren justiziaren betiko aurpegia azalarazten du. 118 euro Muarari, eta hilabetez eguneko 4 euroko isuna. Pentsa, bistan zehar, damu zela esan eta kopuru bat ordaintzea proposatu zion erasotzaileak epaileari. Epaileak zehaztu duena baino gehiago ordaintzeko prest zegoen”.
Sententziarekin ados ez dagoen arren, errekurritzeko aukerari uko egingo dio Muarak: “Ez genuen besterik espero, ez dugu justizia honengan inolako sinismenik, horregatik ez dugu errekurrituko. Argi geratu da oso merke ateratzen dira Euskal Herriaren aurkako erasoak”.
Ezarritako isunagatik kontent ez egonagatik, erasoaren egilea zigortu izanak zerbaiterako balio izatea espero du Santiago Konpostelakoa kaleko elkarteak: “Hiru urtean bost eraso pairatu ditugu, eta hau da lehen aldia erasotzaileak ez direna etxera lasai joan. Ea azkenekoa izaten den”.