Denboraldiko azken bi estropadak lehiatuta, bukatu da 2018ko arraun denboraldia. Oriok irabazi du Bermeon, eta Hondarribiak Portugaleten. Liga, hala ere, Urdaibairentzat izan da, eta Patroi Onenaren Saria, azkenik, San Pedroko Ander Etxegoienentzat.
Kontent egoteko moduko sasoia osatu dute Mikel Orbañanosen mutilek. Ligako txapeldunordeak dira, eta Kontxako irabazleak.
Txanponaren beste aldea, nesken traineruarentzat. Indartsu hasi ziren Iker Cortesen ontzikoak EuskoTrenerako sailkapena lortuta, baina denboraldiaren amaierara ahulago iritsi dira eta lan gogorra egin duten arren ez dute Ligari eusterik lortu.
Play-offaren lehen jardunaldian izandako akatsa garesti ordaindu dute Iker Cortesen trainerukoek. 10 segundoko zigorra ezarri zioten Bermeon estatxa denbora baino lehen askatzeagatik, eta horrek ia erabakita utzi zuen play-offa. Bi estropadak irabazita eta 17 segundoko aldearekin Eusko Trenerako txartela Donostiarrarentzat izan da.
Antzera San Juango mutilak. Gogotik saiatu dira baina ez dute lortu. Azkena izan da San Juango
Erreka asteburuan play-offak jokoan lehiatu diren bi estropadetan, eta honenbestez KAE1 Ligan lehiatuko dira datorren urtean. Kolpe latza San Juan Koxtape Arraun Elkartearentzat, baina burua tinko doaz arrosak, maila gorenera ahalik eta azkarren itzuliko direla iragarrita.
Mutiletan, txanponaren beste aldean, Isuntza eta Astillero. Biak lehiatuko dira datorren denboraldia Eusko Label Ligan. Lekeitiarrak estropada bikaina egin zuten larunbatean Bermeon, sendo irabazita, eta lasaitasun horrekin uretaratu ziren atzo Portugaleten. Larri azken unera arte Astillero, Portugaleten irabazi arren, larunbatean Bermeon estropada eskasa egin zuelako. Ehunenekoen aldea baino ez Astillero eta Meiraren artean, baina txartela kantabriarrentzat.
Play-offetako emaitzen onuradunak, bestalde, Hibaika eta Camargo. KAE 1 Ligan lehiatuko dira datorren urtean bi traineruak.