Hilaren 8an Kale Nagusian gertatu zenari buruzko erreportajea argitaratuko du Oarso Bidasoko HITZAk ostiralean.
Hilaren 8koa “gorroto adierazpen antolatua” izan zela salatu du EH Bilduk
Hilaren 8an Kale Nagusian gertatutakoa gogor salatu du Hondarribiko EH Bilduk, komunikabideei bidalitako ohar baten bidez: “Irailaren 8an desfile parekidearen aurkako boikota eta gorroto adierazpena gaitzesten dugu”. Koalizioak salatu du ekitaldi antolatua izan zela, eta erakunde publikoek ez zutela eragotzi: “Hondarribiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ahalbidetu dute Kale Nagusiaren okupazioa eta berdintasunaren aurkako boikota”.
Errespetuzko elkarbizitza batez ere erakundeen ardura dela deritzo koalizioak, eta “konponbiderako oinarriak jar ditzala” eskatu dio alkateari: “Gu aldamenean izango gaitu langintza horretan, izan udalgintzan zein herrigintzan”.
Alarde Eguneko gertakariei buruzko erreakzioak biltzen ari gara, ostiralean Oarso Bidasoko HITZAn erreportajea argitaratzeko. Bertan azalduko den Hondarribiko EH Bilduren balorazioaren zati bat da hau.