Jaietako balorazioa "oso positiboa" izan da Txomin Sagarzazuren arabera. Hilaren 8an "tentsio fuerteak" egon zirela aipatu du, salatu gabe.
Mariatxiak, Baserritarren Eguneko arratsaldean, Bentan
Programaturiko ekitaldietan parte hartzea handia izan delako, eta “giro onean” burutu direlako, Hondarribiko Jaietako “balorazio oso positiboa” egin du Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateak.
Gaur komunikabideetan bidalitako oharrean, “bizikidetzan zailtasunak” aipatzen ditu alkateak, baina ez ditu espresuki Kale Nagusian gertatu zirenak kondenatzen: “Azken urteotan pausuak eman dira bizikidetza hobetu dutenak, bai aurreko egunetan baita irailaren 8an ere, baina aurten ez da hobetzea lortu, eta irailaren 8ko zenbait unetan tentsio fuerteak egon dira. Hortaz gain, argi utzi nahi dut bizikidetzari kalte egiten dioten gertakarien aurrean eraso guztien aurka gaudela, bizikidetza oinarrizko elementua iruditzen zaigu-eta”.
Alkateak hausnarketa egiteko beharra adierazi du, eta ziurtatu du udalean bizikidetza lantzen ari direla: “Hausnarketa sakona egin beharrean gaude denok. Udalean elkarbizitza lantzen ari gara alderdi guztien artean azken urteotan, eta argi daukagu zentzu horretan lanean jarraitu behar dugula”.
Ekitaldiei dagokienez, Ion Areitiori intsignia jartzea, “hainbat kontzertu on”, eta Leo Harlem umoristaren emanaldia aipatu ditu Sagarzazuk. Hilaren 6an ezik —Kasino Zaharreko ekitaldiak 7ra mugitu zituzten—, eguraldiak lagundu duela eta parte hartzea handia izan delako pozik azaldu da Hondarribiko alkatea: “Aipagarria da adin guztietako jendeak hartu duela parte, umeek gurasoekin, gazteek, helduek, adinekoek… Oro har eguraldiak lagundu egin du eta pozik egoteko moduan gaude jardueren antolamendu eta parte hartzearekin. Ama Guadalupekoak Kontxako bandera irabazteak poza handitzea lortu zuen gainera”.
Aurten, Kasino Zaharrean gazteentzako zenbait ekitaldi antolatu dituzte, eta emaitza ona eman duela uste du: “Gazteentzako zenbait ekitaldi Kasino Zaharrera pasa ditugu aurten. Balorazio positiboa egiten dugu horrekin baina oraindik hobetu beharra badugu hor”.
Bukatzeko, Udaltzaingoaren lana nabarmendu du alkateak, eta atzo goiza bitarte eraso sexisten salaketarik jaso ez dela gaineratu du.