"Familiagatik ez balitz, ez nintzateke hemen egongo"
Herriko gazte gehienek bezala, parranda egin zuen atzo Ion Areitiok. Baina goiz erretiratu behar izan zen, gaur Hiriaren Urrezko Intsignia jasoko baitu.
Hiriko Urrezko Intsignia jasoko du gaur Ion Areitio bike trial pilotuak. Jaien hasiera ofizialaren ondoren egingo dute ekitaldia, 12:15ean, udaletxeko areto nagusian. Bere kirol lorpenez gain (Europako txapelduna aurten, brontzea azken bi Munduko Txapelketetan…), beste balore batzuk hartu dituzte kontuan saria Areitiori emateko. Txomin Sagarzazu alkateak esan duenez, “bizitzarako axola handikoak diren balioak kirol ibilaldian behin eta berriro agertu dituela aintzat hartu dugu, hala nola, norberaren gaitasunak etengabe hobetzeko ahalegina, lehiakideekiko errespetua, ondo egindako lana, umiltasuna…”, erantsi du. Asteartean familiako baserrira hurbildu zen HITZA, gazteari elkarrizketa egiteko. Lanean harrapatu genuan, erosi berri duen idi parea zaintzen. Munduko Kopa dela, Munduko Txapelketa dela, gutxitan duzu jaiez gozatzeko aukera. Aurten bai, oporretan zaude? Laneko oporrak ditut, Lesakako kiroldegian egiten dut lan eta egun batzuk hartu ditut, jaietan egoteko. Baina baserrian beti dago zerbait egiteko, ez dago aspertzeko denborarik. Entrenamenduak normal egiten ari naiz, eta baserriko lana egiten jarraitu beharra dago. Zenbat opor izaten dituzu? Oporretatik egun asko hartzen ditut konpetizioetara joateko, orduan hor nire oporrak murriztu egiten dira. Orain jaietarako egun batzuk ditut, eta besteak urte bukaeran, zer edo zer gelditzen bada, denboraldi bukaeran gastatzen ditut. Orain hamar egun Munduko Kopako proban hirugarren izan zinen, eta hurrengo egunean, lanera. Ospatu gutxi egiten dugu normalean, denboraldiak aurrera jarraitzen badu, asko ospatzeko tarterik ez dago. Zuk diozun bezala da, konpetiziotik bueltan lan egitera segidan. Aurten, bigarrenez, Munduko Txapelketa udazkenera atzeratu dute, berriro Txinan egingo dutelako. Zertarako baliatuko dituzu egun libre hauek? Azken hamar urteetatik, aurreko urtea eta aurten bigarrena izango da nire konpainiako entseguetan —Arkolla auzokoa— eta jaietako egunetan hemen nagoela. Ez dut munduko beste gauza berezirik egiten. Bai gustatzen zait bederatziurren pare batera agertzea, hemendik oinez hamabost minutura dago santutegia. Eta, azken urteetan ez dut aukerarik eduki lagunekin egoteko, edo beraien entseguak ikusteko, edo jaietako egun batzuetan ateratzeko… Horretan erabiliko ditut egun hauek. Hilaren 6an kuadrillen afariak egiten dira Hondarribian. Zure kuadrillak ere egingo al du? Bai, noski. Parranda pixka bat egin beharko dugu, baina normalean baino lehenago erretiratu beharko naiz, jakinda hurrengo egunean zer dagoen ikusita. Hiriaren Urrezko Intsignia jarriko dizute hilaren 7an [gaur], ez da gutxi. Nolako ekitaldia espero duzu? Desberdina izango da, hori seguru. Poza dezentekoa jaso nuen esan zidatenean. Batetik, sariagatik, eta bestetik, saria emateko azaldutako arrazoiengatik. Ez direlako bakarrik kirol merituetan zentratu, emaitzez gain balore batzuk transmititzen ditudala justifikatuz eman didate saria, eta hori oso pozgarria izan da. Herriak, udalaren bitartez, emango dizu saria. Zer esango diezu herritarrei? Idatzi al duzu diskurtsoa? [Arnasa hartu du] Ez, ez dut ezer idatzi oraindik. Emozioak uzten baldin badit behintzat, eskerrak emango dizkiet. Familiatik hasiko naiz, beraiegatik ez balitz ez nintzatekeelako egongo hilaren 7an egongo naizen lekuan, ez nuke intsigniarik jasoko. Hortik aurrera ingurukoak, lagunak… beraien animoak jasotzeari esker noraino iritsi naizen, beraiei ere eskertuko diet, denaren parte direlako.