Gazte Eguna egingo dute bihar Hondarribian, jaien atariko. Ia-ia ez dute antolatu, baina ezustean bazkarirako txartel guztiak agortu dira.
Gazte Eguna egingo dute bihar Hondarribian, jaien atariko. Ozta-ozta antolatu dute, herriko gazte mugimendua krisialdian murgilduta baitago, baina ezustean bazkarirako txartel guztiak agortu dira.
Asteazkenean Ane Arbelaiz eta Oihane Bengoetxea Gazte Xaiako kideekin elkartu ginen. Gazte Egunaz, eta herriko gazte mugimenduaren egoeraz mintzatu ginen beraiekin.
Oihane Bengoetxea eta Ane Arbelaiz, elkarri Gazte Eguneko zapiak jartzen
Dena prest larunbaterako?
Ane Arbelaiz: Gaur [asteazkenean] bazkarirako azken sarrerak saldu ditugu. Gauza batzuk falta dira lotzeko, baina gutxi gorabehera dena prest dugu, ondo goaz, denborak ez gaitu harrapatuko, ez.
Hori antolakuntzari begira. Eta, animoz ere, ondo?
Arbelaiz: Baita ere. Gure beherakada izan genuen, baina hasieran izan zen hori. Kolokan egon zen dena, jendeak ez zuelako parte hartu nahi. Barne lan bat egin behar izan genuen, eta fruitua eman du, jende berria animatu da, eta bikain joan da.
Ez da egitarau txikia antolatu duzuena (behekaldean ikus daiteke). Zalantzak egon baziren, horrek ez zaituzte zerbait soilagoa egitera bultzatu.
Arbelaiz: Kontrakoa. Urtero izan da egitarau nahiko antzerakoa. Baina aurten bertsolariak berreskuratu ditugu poteoan, aspalditik ez zela egiten; beste guztia gutxi gorabehera mantendu egiten da. Primizia bezala esango dizugu goizez Euskal Herriko Batukada Feminista etorriko dela poteoan parte hartzera, eta horrek seguru jende gehiago animatuko duela eguerdiko jardunean. Kontent gaude egitarauarekin. Kontzertu asko dira, koordinatzeko zaila, ez dugulako oso ordutegi luzea, baina kontent.
Pregoiak emango dio hasiera Gazte Egunari. Beste urteetan ere egin izan duzue halakorik, Gazte Eguna aldarrikapen mezu bat bidaliz hasi. Zergatik?
Arbelaiz: Garrantzitsua da Gazte Eguna aprobetxatzea inguruan dauden arazoei ikusgarritasuna emateko.
Aurreko urteetan errefuxiatuen, baserritarren, emakumeen… borrokekin bat egin duzue Gazte Eguna probestuz. Aurten zeini egingo diozue keinu?
Oihane Bengoetxea: Altsasuko gazteei. Zalantza genuen gai horren eta
La Manada-ren artean. Gainera, aste berean atera ziren bi sententziak.
Arbelaiz: Egunean zehar feminismoa ere aldarrikatuko dugu, baina hautatu dugun gaia Altsasuko gazteena da. Iaz dirua bildu genuen Hondarribia-Katsikas elkartearentzat eta, aurten, dinamika berria jarraituz, Altsasuko gurasoentzat bilduko dugu dirua.
Bengoetxea: Duela urte batzuk Emakumeen Martxari eskaini genion Gazte Eguna, eta horregatik aurten, bi gai horien artean, Altsasuko gazteena aukeratu dugu. Baina antolatu ditugun ekintza guztiek lotura dute feminismoaren aldarrikapenarekin, eta egitaraua zehazterakoan kontuan izan dugu, bertsolariak aukeratzerakoan, musika taldeak kontratatzerakoan…
Festatik ere badu jaiak: poteoa, bazkaria, jokoak, kontzertuak… Bazkarirako zenbat jendek eman du izena?
Arbelaiz: Gaur zen azken eguna [asteazkena] izena emateko. Gaur arte 80 ziren zapia erosi zutenak, antolatzaileak eta musikariak batuta, 120 inguru. Baina azken momentuan sorpresa handia hartu dugu, eta azken unean sarrera erosi dutenekin, eta batukadakoekin, 230 inguru dira izena eman dutenak, saltzeko genituen lekuak baino gehiago dira izena eman nahi izan dutenak. Oso pozik gaude, baina laguntza beharko dugu dena arin joateko. Hortaz, lagundu nahi duena, gerturatu dadila guregana laguntza eskaintzeko.
Bengoetxea: Bazkalostean jolasak daude. Oraindik ez dugu jolasen zerrenda itxi baina jolas batzuk mahaia eta aulkiak jasotzeko izango dira, eta horrelakoak. Baina hori baino laguntza gehiago beharko dugu egun osoan zehar.
Gazte Xaiak antolatzen dituen jolasek beti dute puntu berezi bat, umoreari lotutakoa, edo lankidetza bilatzen dutena. Ez zarete jolas arrunten zale?
Arbelaiz: Jolas normalak ere egiten ditugu, adibidez, zapi-zapi egiten dugu, egia da bertsio kooperatiboan egiten dugula, jendartean lotura gehiago egiteko. Baina denetarik egiten badakigu, ez pentsa.
Berrehundik gora lagunentzako jolasak antolatzea ez da samurra izango. Nolako aldea, ozta-ozta antolatzetik, sarrerak agortzeraino! Hain justu hori izan da azken urteotan aldarrikatu duzuena, jende berriaren beharra, ez?
Arbelaiz: Baina, bileretan behintzat, sartu diren berriak gure belaunaldikoak dira, gazteagoak behar dira, 18 urtekoak, belaunaldi aldaketa. Guk geroz eta ardura gehiago ditugu, lanean hasi gara, denbora gutxiago dugu gauza hauek antolatzeko. Iritsiko da une bat nekatuko garena. Ez dira urte asko irailaren 6an Bikingo Marea egiten zela; 2011n egin zen aurrenekoz, orduan Hondarribiko Gazte Asanbladak antolatuta. Gero sortu zen Gazte Xaia, olinpiadak ondoren, Puntaleko eskolan egoitza lortu…
Oso atzera joan beharrik gabe, sekulako urteak bizitu dituzue.
Bengoetxea: Urte politak izan dira, baina motzak, ez du gehiegi iraun. Jende berdina dago denean, antolakuntzan, eta hori arazoa da, jendea erretzen delako. Jendeak utzi izan du, hori ikusi dugu, eta berria behar da, ideia berriak, indar berria. Aurten ia-ia galdu da dena, ia-ia ez dugu Gazte Egunik ere antolatu. Jende berria gerturatzen ez bada, oso zaila ikusten dut Gazte Xaiaren jarraipena. Urtetik urtera gauzak berritu behar dira, aldaketak beharrezkoak dira. Herri olinpiadekin aldaketa egon zen, baina badirudi orain berriro gelditu garela. Ez dakit, larunbaterako bazkaltzeko txartela erosi duten asko berriak dira, behar dena da jende hori antolakuntzan sartzea. Agian aurten lehen aldiz izena eman duena, datorren urterako animatzen da antolaketan laguntzera.
Gauzak antolatzeaz gain, borrokatu ere egin behar izan duzue urte hauetan. Udalarekin tira-birak izan dituzue gai batzuetan, baina ados jartzeko gai ere izan zarete. Atzera begira jarrita, zeintzuk izan dituzue lorpen handienak?
Bengoetxea: Lokala lortzea eta olinpiaden sorrera, horiek izan dira lorpenik handienak urte hauetan. Gazte Xaiak gauza on asko lortu ditu, agian lokala lortu ondoren baino gehiago, aurretik. Ez dakit arrazoia, agian bazegoelako motibazio hori, lokala lortu behar zela. Nahiz eta orduan lokalik ez eduki, gauza desberdinak egiten ziren, ez genuen ezer, eta horretarako borrokatzen genuen. Gero, lokala lortuta… Abisatu genuen, hasieratik esan genuen Gazte Xaia [egoitza] ez zela helburua, bitarteko bat baizik. Hasieran bazen motibazioa, zerbait berria zelako, baina gero lasaitu ginen, indarra galdu genuen.
Aurten itxi duzue Gazte Xaiaren pertsiana, lokalarena. Gogorra egin zaizue?
Bengoetxea: Errealistak izan behar gara. Niri kristoren pena ematen zidan, eta uneoro saiatzen nintzen, ‘nola edo hala aurrera atera behar dugu’ esaten nuen. Baina gero ikusten genuen ez zuela zentzurik. Azken urtean ekintzak antolatzen genituen Gazte Xaia betetzen saiatzeko, eta nik uste alderantziz izan behar dela.
Arbelaiz: Gure artean eztabaida zegoen. Batzuk uste zuten utzi egin behar zela, beste batzuek ezetz. Utzi arte urtebete luze bat pasatu da gure artean eztabaidatzen, zer egin, nola egin…
Bengoetxea: Azken bilera asko egin ditugu. ‘Goazen azken bilera bat egitera, zer egin erabakitzeko’. Gero beste azken bilera bat egiten genuen, ea norbait animatzen zen. Gero beste bat… Nik badut esperantza, ez gugan, baizik eta beste norbaitengan, beste norbait etorriko dela eta berriro hasiko dela Gazte Xaia martxan, sugar hori berriro piztuko dela.
Zumardian egingo dute Gazte Eguna, baina hasi, Gipuzkoa plazan hasiko da
Gazteen beharrak aldatu al dira tarte honetan? Nola ikusten duzue Hondarribiko gazteen egoera?
Bengoetxea: Gazte Xaia sortu zenean ikusten zen jendeak gauzak antolatzeko beharra zuela. Baina gero ez dugu hori ikusi. Ez dakit den jendea ondo bizi dela, eroso daudela…
Arbelaiz: Niri asko gustatzen zait antolakuntza prozesuko parte izatea, baina inork ez dit erakutsi nola den. Inork ez dizu erakusten nola den prozesua, zein ardura dauden, gauzak nola egiten diren. Konpromiso horrek pila bat betetzen zaitu, baina inork ez dizu erakusten. Ohitua zaude dena egina jasotzera.
Bengoetxea: Hori da akatsa, dena egina jasotzen dugula, dena egina ematen digutela. Gazte Egunerako, adibidez, plater berrerabilgarriak erabiliko ditugu, eta antolatzen ari ginela atera zen galderetako bat izan zen ea zeinek garbituko zituen gero, guk jaso eta gero. Agian guk egin beharko genuke, norberak berea garbitu, denok antolakuntzan parte hartzeko modu bat izan liteke hori, ezta? Gazte abordaiarekin antzera gertatu zen. Lehen urtean izan ezik, beste urte guztietan poltsak banatzen ziren. Ez zen gehiegi sustatzen jendearen parte hartzea. Denok sartzen gara bukle horretan, dena daukagu egina, ez gara gai beharrak ikusteko.
Larunbateko Gazte Egunak zertarako balio izatea nahiko zenukete?
Arbelaiz: Txinparta hori sugar bihurtzeko, eta etortzen diren gazte berri horiek ikusteko parte hartu dezaketela, lekukoa har dezaketela. Sentsazioa dut gazteagoek uste dutela sekta antzerako bat garela, beti berdinak, baina ez da horrela, ez gaituzte ezagutzen, haien zain gaude, lekukoa pasatzeko zain.
Bengoetxea: Ez dakit zertarako, baina argi dut zertarako ez dudan nahi, mugimendu hori guztiz desagertzeko. Agian ilusio faltsu bat da, baina esperantza hori dut, errelebo horrena, berriro gazte mugimendu bat sortzeko esperantza.
Bikingo Marea, Gazte Xaia, herri olinpiadak berreskuratzea… Horiek antolatzen zer bizitzen den jakin dezaten, zer esango zeniekete Hondarribiko gazteei?
Bengoetxea: Ekintza batean soilik parte hartzea baino, askoz gehiago betetzen zaituela ekintza horren antolakuntzan ere parte hartzeak. Askoz gehiago disfrutatzen duzu, barrutik antolatuz eta gero parte hartuz. Ez da marroia, eta geroz eta jende gehiago, are eta gutxiago.
Arbelaiz: ‘Nik egin dut hau, antolatzen lagundu dut, eta ondo atera da’. Horrela, beste modu batean bizitzen da, sekulako poztasuna ematen du horrek. Egia da ardura bat dela, baina jendea hurbiltzen zaizu laguntzera, mahaia jasotzen edo beste edozertan, eta jendearen prestutasun hori oso eskertzekoa da.
Gazte Eguna. Egitaraua
- 12:00etan. Pregoia, Gipuzkoa plazan.
- 12:30ean. Bertso poteoa, Euskal Herriko Batukada Feministaren parte hartzearekin. Gipuzkoa plazatik abiatuta. Bertsolariak: Iraitz Mateo, Egoitz Zelaia eta Irati Alcantarilla.
- 14:15ean. Herri bazkaria, Zumardian.
- 17:00etan. Jolasak.
- 18:00etan. Kontzertuak: Rojo Vivo Reggae Band, Indidxabak, The Arritmiks, Selektah Sakos, eta DJ Ai! No! Lapilila.
- 01:00etan. Amaiera.