Elkarte kanpoko ikurrina moztu dute guraizeekin. Bizilagunen laguntzari esker erasotzailea identifikatu dute udaltzainek.
Artaziekin moztu dute Muara elkarteko ikurrina
Beste eraso bat jasan du Hondarribiko Muara Elkarteak, bigarrena 2018an. Elkarte kanpoko ikurrina moztu zuten atzo arratsaldean, artaziekin. Nonbait, erasotzailea furgonetaz iritsi zen, ikurrina moztu eta furgonetara igo zen berriro, alde egiteko. Bizilagun batzuek erasoa ikusi dute eta argazkia atera zioten matrikulari.
HITZAk jakin duenez, erasotzailea espainiarra da, Andaluziakoa. Muara elkarteak jarritako salaketaren ondoren, Udaltzaingora hurbildu zen, damu zela eta erasoa gertatu zenean edanda zegoela esanez. Hala, ikurrina mozteaz gain, mozkorturik Alde Zaharra furgonetarekin zeharkatu zuela onartu omen du gizonak.
Aurreko erasoa apirilean izan zen. Ikurrina eta presoen banderola kendu eta txikitu zituzten, eta ‘yo soy español’ eta ‘viva España’ oihukatuz alde egin zuten erasotzaileek.
Hondarribiko Udalbatzak erasoa gaitzetsi zuen, EH Bilduk aurkeztutako mozio bat aho batez onartuta.