Larunbatean banatuko dute Kultur Etxean, Jaizkibel konpainia parekidearen lehen entseguaren atsedenaldian.
Batukada feminista sortu zutelako sarituko dituzte Sarasketa eta Vicedo
Ainara Sarasketa eta Arantxa Vicedo, Euskal Herriko Batukada Feministaren sortzaileek jasoko dute aurten Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria. Jaizkibel konpainia parekideak deitzen du saria eta aurten laugarren ekitaldia beteko du. Larunbatean banatuko dute Kultur Etxean, Jaizkibelen lehen entseguaren atsedenaldian. 19:45ean abiatuko da konpainia Bitoriano Juaristi kaletik.
Jaizkibelek jakinarazi duenez, “duela urte gutxira arte gizonezkoena zen gune bat emakumeentzat zabaldu dutelako”, jasoko dute saria Sarasketak eta Vicedok. Duela zazpi urte sortu zuten Batukada Feminista, eta “jai giroa sortzeaz gain, emakumeei boza, ahalmena eta alaitasuna” eman dizkietela gaineratu du konpainia parekideak.
2015 urtean sortu zuten Hondarribia Berdintasunaren Hiria Saria, “emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egin duten pertsonak edo erakundeak” aintzat hartzeko. Parekidetasunaren alde lan egiten dutenei onarpena egitea eta Alarde Egunean zabaltzen den irudia aldatzea dira Hondarribia Berdintasunaren Hiria sariaren helburuak.