Berritasun handiena Kasino Zaharrean kokatuko da, gazteentzako gune bilakatuko baita.
‘Trumoiak’ ikuskizun piromusikala izango da berritasunetako bat
Ia 100 ekitaldi bildu dituzte 2018ko Hondarribiko Jaietako egitarau ofizialean. 91 guztira, gehienak irailaren 6tik 11ra, baina ez dira gutxi jaien aurretik eta ondoren programatu dituztenak. Irailaren lehen asteburuan, esaterako, 11 kirol proba egingo dira Hondarribian. Horiez, gain, larunbata (irailak 1) Gazte Eguna izango da, eta ostiraletik hasiak izango dira Guadalupeko santutegiko bederatziurrenak. Dudarik gabe, jaiez gozatzeko irailaren 6aren zain egon nahi ez duenak, ez du zertan egon behar.
Gaur egin dute 2018ko Hondarribiko Jaietako egitarauaren aurkezpena. Kalixa Silanes Kultura zinegotziaren arabera, “denentzako jaiak” antolatu dituzte, eta eskerrak eman dizkie horretarako irekitako epean egitaraua osatzeko proposamenak egin dituzten elkarte eta herritarrei: “Egin diren proposamen guztiak jaso ditugu programan”, jakinarazi du. “Haurrentzat 22 ekitaldi, gazteentzat 10, denentzako 41, berezituak 17, horien artean gehienak kiroletakoak, eta adinentzako bazkaria”, sailkatu ditu zinegotziak.
Egitaraua dagoeneko etxeko postontzietan banatuta dago, baita
Interneten zintzilikatuta ere. Aurreko urteetako bi argitalpenak banatu dituzte aurten ere, A5 neurriko ohiko eskuliburua, baita argazkirik eta publizitaterik ez duen formatu txikikoa ere, poltsikoan eramatekoa.
Kasino Zaharra, gazteentzako gune
Egitarauan ez dago berritasun handiegirik, baina batzuk bai. Nabarmenena, Kasino Zaharra gazteentzako gune berezitua bilakatzeko asmoa. Hasteko, irailaren 6ko grafitiak eta gerorako Despertavlogs blogari azkoitiarraren showa antolatu dute, musikarekin,
photocall-arekin, eta abarrekin.
Arrantzale Eguneko arratsaldeko DJa ere Kasino Zaharrera mugituko dute; Santiago kalean egin izan da orain arte. Eta gauean, 23:00etatik aurrera,
Trumoiak ikuskizun piromusikalaz gozatzeko aukera izango dute gazteek, hori ere Kasino Zaharrean. Santiagoko Deabruek antolatutako ikuskizuna da eta, arropa bakeroa eramatea eskatzen dute antolatzaileek; zerbaitegatik izango da.
Berritasunekin jarraituz, eta haurrei begira, irailaren 9an,
Txiki Chef tailerrak egingo dituzte lehen aldiz Butron pasealekuan, X. Moto Lasterketaren ondoren. Egun horretan, berritasuna ez den arren, bazkalosteko puzzle lehiaketan aldaketa txiki bat izango da, mahai gehiago jarriko baitituzte.