Jesus Carreraren gorpuzkiak hobiratuko dituzte bihar Hondarribian. Ekainaren 15an berreskuratu zituzten, fusilatu zutenetik 73 urtera.
Ekainaren 15ean exhumatu zituzten Jesus Carreraren gorpuzkiak Alcalako hilerrian
Iritsi da zirkulua ixteko eguna, zauria sendatzeko ordua. Bihar eguerdian hobiratuko dituzte Jesus Carrera Olaskoaga PCEko idazkari nagusi izandakoaren gorpuzkiak Hondarribiko hilerrian. 1945eko urtarrilaren 16an fusilatu zuten Alcala de Henaresko (Madril, Espainia) hilerriko hormaren kontra, eta bertan lurperatu zuten, beste hiru alderdikiderekin batera.
Joan den ekainaren 15ean hobitik atera zituzten bere gorpuzkiak, eta Aranzadi Zientzi Elkartearen esku geratu ziren. Behin hondarribiarrarenak zirela baieztatuta, familiaren esku utziko dituzte bihar. Haren memoria ohoratzeko eta hilabete hauetan jaso duten babesa eskertzeko, omenaldi irekia antolatu du familiak, hilerri atarian. 12:00etarako egin dute deialdia, ondoren lurperatuko dituzte Carreraren hezurrak.
Maiatzaren 11n komunikabideak deitu zituzten Jesus Carreraren ilobek. Orduantxe jakinarazi zuten haien osaba nor izan zen, erbestean zela alderdi komunista berregituratzeko penintsulara itzuli zela, karguan urtebete eman eta gero atxilotu, torturatu eta fusilatu zutela, eta bere gorpuzkiak Alcalako hilerrian hobi batean gordeta zeudela. “Gure osabaren memoria berreskuratu nahi dugu, eta bere gorpuzkiak etxera ekarri, familiako panteoian gordetzeko”, esan zuen orduan Maria Susperregik, ilobetako batek. 73 urte behar izan dira hondarribiarraren gorpuzkiak etxera ekartzeko, baina eskaera egin zutenetik, oso azkar joan da prozesua.
Ekainaren 15ean atera zituen Aranzadik Carreraren gorpuzkiak bere hobitik, eta bihar utziko ditu familiaren eskuetan. Argik, Mariaren ahizpak, onartu du oso urduri dagoela biharkoari begira: “Ni oso urduri nago, gauza asko ditut buruan, gauza asko pentsatzeko. Baina oso pozik era berean, azkenean, urteetan amets egiten dudan egun hori gerturatzen ari delako”.
Carrera Olaskoagatarren panteoian gordeko dituzte PCEko idazkari nagusi izan zenaren hezurrak, anai-arrebekin batera hartuko du atseden. Hobiratzea ekitaldi pribatua izango da, familia giroan egingo dutena, baina aurretik omenaldia egingo zaio. Argi Carrerak azaldu du zergatik: “Batetik, Jesus osabaren gorpuzkiak bere herrira ekarri nahi genituen, anai-arrebekin deskantsatu dezan. Baina bestetik, eta agian garrantzitsuagoa da hau, bere memoria berreskuratu nahi dugu, bere bizitza eta faxismoaren kontra burutu zuen borroka ezagutarazi. Horregatik, hobiratzea pribatua izango den arren familian hala behar dugulako, osabaren ibilbideak omenaldia behar zuela uste dugu”.
Horretarako, eta azken hilabeteetan borroka lagun izan dituztenei esker ona adierazteko, ekitaldi irekia antolatu dute hobiratzearen aurretik egiteko. Omenduaren ilobak ez du zalantzarik, bidea lausoagoa egin zaiela, inguruan izan duten jendeari esker: “Hilabete benetan intentsoak izan dira, emozioz beterikoak. Alcalako exhumazioaren eguna izan da bereziena, baina une oso hunkigarri asko bizitu ditugu. Nire barruak asko mugitu dira sentimendu horien eraginez, eta oso polita izan da ikustea familiatik kanpoko pertsona batzuk nola inplikatu diren, Aitzol Arroyo eta Joserra Enparan ikerlariak, eta beste asko”.
Famili barruko zauriak sendatzeko agian ez, baina zirkulua ixteko balioko dio biharko omenaldiak Carrera Susperregiri. «Ametsa betetzea suposatzen du, barruko bakea, prozesu intentso honen burutzea, orain hamar urtetik, osaba Alcalan fusilatu zutela jakin nuenetik, sartuta nuen arantza ateratzea».
Omenaldi irekia
Bost anai-arrebekin batera eta bosgarrenarengandik oso gertu hobiratuko dituzte Jesus Carrera Olaskoagaren gorpuzkiak. Ez daude oso urruti Kandido Saseta Euzko Gudarosteko komandantearen eta Jose Bergamin idazlearen hilarriak. Metro gutxitan antifrankismoaren hiru ikur egongo dira lurperatuta Hondarribiko hilerri txikian. Bihar Carrera omentzera kanpotik etorriko direnek ziur aski bisitatu nahi dituzte beste bien hilobiak. Bere garaian Cadizko idazleari eta gudalburu hondarribiarrari eskaini zien bezala, Alfonso Sastrek olerkia idatzi dio Carrerari ere. Juan Sastre semeak irakurri du aitaren bertsoa.
PCEko barneko idazkari nagusi izan zen Carrera 1942tik 1943ra. Dolores Ibarruri zen kanpoko idazkari nagusia eta berak zuzenduriko lan talde batek PCEren historia idatzi zuen 1960an, Parisen. Liburu horretan, “urrezko hizkiekin” goratzen da hondarribiarraren konpromisoa. Espainiako nahiz Euskal Herriko komunistek ordezkaritza bidaliko dute biharko ekitaldira, eta Fernando Sanchez PCEko antolakuntza idazkariak eta Jon Hernandez EPKko idazkari nagusiek testu bana irakurriko dituzte.
Carreraren senideez gain, ikerketa burutu duen Aitzol Arroyo Tumas eta Sasetaren Aldeko Taldeko sortzaile Joserra Enparan historialariak ere gerturatuko dira mikrofonora. Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta Aintzane Ezenarro, Gogora Institutuaren zuzendariak bertaratuko direla jakinarazi dute, baita exhumazio prozesua burutu zuten Aranzadiko kideak ere.