3 leku, 3 paisai, 3 akzio interbentzio artistikoaren bigarren zatia osatuko du bihar Santiago kalean. Jendearen laguntza behar du koadroa osatzeko.
Judas Arrieta artista hondarribiarrak
3 leku, 3 paisai, 3 akzio interbentzio artistikoaren bigarren zatia osatuko du bihar, larunbatez. Lehenengo paisaia Apezpiku plazan margotu zuen hilaren 14an, eta bihar bigarren sortuko du Santiago kalean, 18:00etatik gauerdira arte, sei orduz. 1,5 x 1,5 metroko koadro bat margotuko du, eta prozesu osoa jendearen aurrean garatuko du, koadroaren egitura sortzetik bertatik hasita.
Arrietak herritarrei laguntza eskatu die berarekin margotzera hurbildu daitezen: “Ni gidaria naiz, eta pautak markatzen ditut, baina koadroan geratzen dena da parte hartu duten pertsona guztien arrastoa, eta horien gainean nirea. Arrasto horiek osatzen dute paisaia, marrazki horiek, esperientzia horiek”.
Prozesua nolakoa den erakusteaz gain, artearen inguruko hausnarketa bultzatu nahi du Arrietak, garai batean herriko kaleetan margotzen ikusten ziren artisten desagertzearen inguruko eztabaida sortu. Hala, margotzen laguntzera hurbiltzen zaizkion guztiei elkarrizketa txikiak egingo dizkiete, herrian arteak duen egoerari buruzko iritzi desberdinak jasotzeko.
Herritarren laguntza beharko du Arrietak bihar Santiago kalean