Jesus Carreraren familiak crowdfunding kanpaina abiatu du buruzagi komunistaren bizitza kontatuko duen dokumentala finantzatzeko. Aitor Baztarrika eta Lander Etxedona ikus-entzunezko kazetariak ari dira errodatzen eta Telmo Basterretxea zine zuzendariaren laguntza izan dute. Exhumazioa prozesua jaso zuen Basterretxeak, eta Baztarrikak eta Etxedonak hainbat elkarrizketa grabatu dituzte dagoeneko. Baztarrikak onartu duenez, PCEko idazkari nagusi izandakoaren “determinazioa” da gehien harritu duena.
Nola iritsi zitzaizuen Jesus Carreraren inguruan dokumentala errodatzeko aukera?
Lander [Etxedona] eta biok hondarribiarrak gara eta ikus-entzunezkoen eremuan ari gara lanean. Aitzolen [Arroyo, Carreraren ikerketa egin duena] bitartez iritsi zitzaigun aukera. Prozesua oso azkarra izan da, Aitzolek deitu zigunean zalantza zuten beraiek noiz hasiko ote zen, gorpuzkiak berreskuratzeko aukeraren zain zeuden. Hasieran ez genekien zer egin, pieza labur bat edo luzea, ez genekien zer emango zuen honek, baina Aitzolek esan zigun oso indartsua izan zitekeela. Telmo [Basterretxea, zine zuzendaria] Madrilen zegoenez, berak grabatu zuen exhumazioa ekainaren 15ean (behean, egun horretako bideoa ikus daiteke), eta hortik abiatu ginen. Gero, Lander eta biok familiarekin hitz egiten hasi ginen. Orduan ikusi genuen bazegoela dokumentalerako gai potoloa, azalera ateratzea merezi duena.
Telmo Basterretxeak jaso zuen exhumazio prozesuan gertatutakoa
Zer kontatuko du dokumentalak?
Batetik Jesusen bizitza dago, eta bestetik familiak nola bizi izan duen hori, bi atal horiek izango ditu, denbora guztian atzetik aurrera eta aurretik atzera dabiltzanak. Jesusen hasieratik bukaerarainoko kontzientzia hori, eta familiak nola bizi izan duen, ezkutuan, beldurra ere bazegoelako… Eta gerora, ilobek nola bizi izan duten prozesu hau. Hasierako zalantzak, eta gero, Jesus hil zela 73 urtera nola erabakia hartu duten, eta hilabete batzuetan nolako erauntsia izan den haientzat, oso azkar joan delako guztia. Carreraren bizitza azaldu nahi du dokumentalak, baita familiek pairatzen duten ezjakintasun hori azaleratzea.
Eta bestetik, kontatu nahi dugu Jesus Carrera ez zela edonor, beste miliziano edo borroka egin zuten guztiak gaitzetsi gabe. Orduan, pertsona ezagun bat, hain pertsonaia handia, Espainiako estatuan erreferentea dena, nola ez den iritsi bere herrira, eta nola bere familiak ez duen orain arte ezagutu istorio hau. Ez familiak, ez bere herriak, ezta Euskal Herriak ere.
Dokumentala errodatzen ari zarete, baina zinemarako moduko bizitza da Carrerarena…
Dudarik gabe errealitateak fikzioa gainditzen du Jesus Carrerarekin, eta hori ikusten da jaso ditugun testigantzen urrats bakoitzean, bai Arroyorekin, baita familiarekin ere hitz egin dugunean. Sekulako inplikazioa izan zuen pertsona izan zen, ematen zuen urrats bakoitzeko bere pertsonaia handiagotzen joaten da, bukaera tragiko horra arte, zentzu batean berak aurreikusten zuena. Gerra amaitzerakoan, eta gerora, beste aukera batzuk izan zituen. PCEko barneko idazkari nagusi zenean, Dolores Ibarruri zen alderdiko kanpoko idazkari nagusia, kargu berdina baina barruan, horrek zekartzan arrisku guztiekin, ez zelako berdina Errusian egotea edo Madrilen. Eta Jesusek berak onartu zuen hori, erbestetik itzultzea alderdi komunista berregituratzeko, jakinda seguru asko atxilotu, torturatu eta fusilatuko zutela.
Zuri, zerk harritu zaitu gehien?
Determinazio hori, momentu bakoitzean aurrera jarraitze hori, eta konpromisoa azkeneraino eramate hori. Aukerak izan beste bide bat hartzeko eta, horren ordez, beti urrats bat aurrerago egitea, beti gorantz. Oso bizitza politiko laburra izan zuen, 1931tik 1945era, baina izugarria da bizirik jarraituko balu zein dimentsio izango zukeen imajinatzea.
Zer pentsatua ematen du horrek, horrelako ibilbide bat izan duen pertsona bat ezezaguna izatea herrian…
Guk ekainean izan genuen Jesus Carreraren berri, justu exhumazioa egin baino bi aste lehenago, exhumaziorako tramiteak egiten ari zirela. Hori oso adierazgarria da, guztiz ezezaguna zelako herrian, eta familiarentzako ere zentzu batean, gauza batzuk jaso zituztelako, baina ez asko. Oso interesgarria izan da, ilobak banan-bana elkarrizketatu ditugunean, bakoitzak gauza desberdin bat esan digula osabaz, bakoitzak zerbait desberdina zekien, baina beraien artean ere ez zuten hitz egiten. Horrek argi erakusten du senideen mina. Izebek gauza batzuk kontatzen zituzten, baina pertsona batzuei eta momentu zehatz batzuetan. Etxean beti, kalean ez zuten Jesusi buruz hitz egiten.
Jesus Carrera pertsona handi bat izan zen, hori hemen orain ari gara deskubritzen, baina bere senideek bizi izan duten errealitate hori beste mila familiatan islatu daiteke. Mina hor dago, zauri horiek ez dira itxi… Mariak [ilobetako batek] honela esaten du elkarrizketan: ‘Ni ez nintzen kontziente orain arte zenbateko mina neukan, uste nuen ezetz, eta orain hasi naiz konturatzen zerbait gordea nuela, min handia gordea nuela’.
Zauriak ixteko balioko al du grabatzen ari zaretena?
Zentzu horretan, dokumentalak balioko du senideek botatzeko gordeta duten hori. Kostatu zaie, ez delako erraza kameraren aurrean familiako gauza mingarriak kontatzea. Baina behin hori eginda, nik uste beraiei balio izan diela. Eta antzerako egoeran dauden pertsona askok dokumentala ikusteko aukera izango dute, eta hori da Jesus Carreraren senideek zabaldu nahi duten mezua.
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.