Kutxaren erritoa berretsiko dute gaur Hondarribian
Gauean, Santiago Eguneko erromeria egingo dute, Joselu Anaiakekin.
Kutxa Eguna ospatuko dute gaur hondarribiarrek, 18:00etatik aurrera. Arrantzaleen festa handia da, arrantza kanpainako emaitzen aurkezpena irudikatzen duena. Itsaso Emazabel izango da aurten Hermandadetik parrokiara eta parrokiatik Hermandadera azken arrantza kanpainaren emaitzak gordetzen dituen kutxa eramateko arduraduna.
Hermandadeko arkuaren parean burutuko da oparotasun erritua. Oraindik kutxa buruan duela, birak ematen hasiko da Emazabel. Tradizioaren arabera, zenbat eta bira gehiago eman orduan eta ugariagoa izango da arrantza urtea.
Gauean, aldiz, Santiago Eguneko erromeria izango da Santiago kalean, 22:00etan hasita. Joselu Anaiak taldearekin, klasikoak abestu eta dantzatzeko aukera izango da goizaldera arte.