Hondarribiarrak bike trialeko Europako Txapelketa irabazi du, Thomas Pechhacker austriarraren eta Dominik Oswald alemaniarraren aurretik.
Ion Areitio, pozik, podioaren goialdean (arg: Europako Txirrindularitza Federazioa)
Bike trialeko Europako Txapelketa irabazi du Ion Areitio hondarribiarrak lehen aldiz. Asteburuan egin dute Suitzako Moudon herrian eta hondarribiarrak Thomas Pechhacker eta Dominik Oswald izan ditu podioan lagun. Bigarren eta hirugarren izan dira, hurrenez hurrez, austriarra eta alemaniarra. Benito Ros nafarrak laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Nesketan, Irene Caminos tolosarrak brontzezko domina lortu zuen.
Elite Mailan Areitiok lortu duen lorpen handiena da Europako Txapelketa, munduko pilotu onenak lehiatu baitira. Iazko Munduko Txapelketan sailkapeneko aurreko hamabostak europarrak izan ziren, eta Abel Mustieles txapelduna ezik —gurpil handiarekin lehiatzen hasi da aurten—, Txinako sailkapeneko lehen hamar txirrindulariek Europako Txapelketan parte hartu dute.
HITZAren galderei erantzunez, garaipenak konfiantza handia eman diola onartu du: “Nire burua lehen postuan ikusteak konfiantza handia ematen dit. Banekien irabazteko gai nintzela, baina azken aldian, beti podiumean egon arren, ez dut lehen postu hori lortzeko aukerarik izan. Europako Txapelketa irabazteak motibazioa sustatzen du, lanean inoiz baino gogo gehiagorekin jarraitzeko”.
Podioaren goiko aldean ikusten zaion irribarrea ez da gutxiagorako, ozta-ozta sailkatu baitzen finalera, zortzitik zortzigarrena izan zen bezperako sailkapenean: “Asteburua oso latza izan da. Final erdietan arazo pare bat izan nituen, zulatze batengatik eta eguraldia tarteko. Zortzigarren izan nintzen, baina barruan egotea da garrantzitsuena”. Atzeko postuetan sailkatu izanak, finalean lagundu ziola uste du hondarribiarrak: “Behin barruan izanda, presio gutxiagorekin lehiatzeko aukera izaten da”.