Mutilak bigarren izan dira Pasaian eta bosgarrenak Orion. Neskak, laugarren bietan. Sailkapena zaildu zaie Hondarribiko bi traineruei.
Ama Guadalupekoa, larunbatean, estropadaren ondoren zaleengana hurbilduta
Irudia Pasaian hartua da, estropada bukatu eta ordu erdira hartutakoa. Ama Guadalupekoa traineruko arraunlariak eta Mikel Orbañanos entrenatzailea, Pasai Donibaneko industria gune inguruan animatzen egon ziren zaleenganaino hurbildu ziren, esker ona adierazteko.
Ez da amestutako asteburua izan baina ez da izan zaleek eta arraunlariek ez dutelako dena eman. Pasaian mutilak bigarren geratu ziren, bandera lortzetik gertu. Eta Orion, denboraldiko estropada parekatuenean, bosgarren, haien kaletik olatu bat bera ere hartu ezinda. Batean zein bestean azken paladaraino borrokatu zuten hondarribiarrek, baina ez zuten zortea alde eduki. Sailkapen nagusian urruti joan da Urdaibai, 11 segundora.
Neskentzat ere asteburu etsigarria izan da. Laugarrenak sailkatu dira bi estropadetan eta, Orion gainera, dezente sufrituta. Arraun Lagunakek tartea ireki du sailkapenean eta asko zailtzen ari zaie jaitsiera kanporaketa ekiditeko aukera ematen duen hirugarren postua. Nolanahi ere, ez dezagun ahaztu saria dela Euskotren Ligan aritu ahal izatea.
Asteburuan ez da Banderarik iritsi herrira, ez da harrerarik antolatu. Ez da amestutako asteburua izan baina zaleek ez dute huts egin, ezta arraunlariek ere. Hala jarraituz gero, iritsiko dira asteburu hobeak.