Iraupena eta kokapena dira berritasun nagusiak, lehen bi ekitaldiak bi egunez eta Itsas Etxea Auditoriumean antolatu baitzituzten.
Euskal sortzaile eta diseinatzaileen produktuak eros daitezke Basque Market azokan
III. Basque Market azoka egingo dute bihar (igandea), Hondarribiko kirol kaian. Horixe da hirugarren ekitaldiko berritasun nagusia, aurreko biak bi egunez eta Itsas Etxea Auditoriumean antolatu baitzituzten. 12:00etatik 19:00etara egingo dute, eta azokaren inguruan jende asko espero dute antolatzaileak, asteburuan Euskal Kostaldea belaontzi estropada egingo dutelako Hondarribian. “Udako azoken tradizioari jarraituz, azoka kalera ateratzea erabaki dugu”, azaldu du Orbela Kultur Elkarte antolatzaileak.
2016an sortu zen Basque Market, euskal diseinatzaile, artista eta sortzaileen lanak sustatzeko xedearekin. “Ez da diseinuko produktuak saltzeko merkatua soilik, sortzaileak euren artean harremanetan jartzea eta kolaborazioak sortzea ere bilatzen du”, gaineratu dute antolatzaileek.
Arratsaldean, 18:30etik 20:00etara, Don Loope Djak girotuko ditu ekitaldiaren azken uneak, Basque Taberna, El Curry Verde, Rodeo Burguer eta Casa Santamaria establezimenduek babestuta.