Horzdun sludge metal taldeak 'Eskifai baten urpeko kondairak' aurkeztuko du gaur Soroetako pilotalekuan, Psilocyberen 25. urteurrenaren barruan.
‘Eskifai baten urpeko kondaira’ diskoa aurkeztuko du Horzdun taldeak
Hondarribiko
Horzdun sludge metal taldeak kontzertua emango du gaur Soroetako frontoian, Psilocybe musika elkartearen
25. urteurreneko egitarauaren barruan. Hasiera batean Kasino Zaharrean muntatzekoa zen oholtza, baina eguraldi txarragatik Soroetara mugituko dute. 20:00etan hasiko da Horzdunen saioa, eta ondoren, Ektz DJak segida emango dio musika festari.
Horzdun taldeak etxean emango duen lehen kontzertua izango da, eta
Eskifai baten urpeko kondairak diskoa aurkeztuko dute. “Gure arbaso marinelen soinuak eguneratu ditugu, sludge metalaren bidez”, azaldu du Gari Arroyo bateriak. Berarekin batera, Lur Irulegik eta Nestor Urangak osatzen dute hirukotea. Stonerrari keinuren bat egiten dioten arren, eta erritmoetan doomarekiko zaletasuna antzematen bazaie ere, sludge metala egiten dute, gogorra baina pausatua, su txikitan gori mantentzen den beruna bezalakoa.
Arrazoi bat baino gehiago dago gaur 20:00etatik aurrera Soroetako pilotalekura hurbiltzeko. Batetik, talde berria delako Horzdun, eta edozein talde berrik gisa beraiek ere hasierako bultzada eskertuko dutelako. Bestetik, inguru hauetan ez delako izaten aukera asko sludge metala entzuteko, eta
Eskifai baten urpeko kondairak diskoa zuzenean entzuteak mereziko duelako. Eta azkenik, Psilocybe elkarteak 25 urte bete dituelako eta prestatu duten egitarauko ekitaldi guztiak aitzakia polita direlako urteurrena ospatzeko.