Egiguren-Ituarte eta Laduche-Lopez bikoteak lehiatuko dira Jostaldi pilotalekuan, finalerdirako txartelaren bila.
Lehen final laurdenean gorriak nagusitu ziren
Hondarribiko Grand Slam txapelketako bigarren final laurdena jokatuko dute bihar Jostaldi pilotalekuan. Egiguren-Ituarte eta Laduche-Lopez bikoteak ariko dira nor baino nor, finalerdietarako txartelaren bila. Joan den ostiralean hasi zen Hondarribiko Grand Slama, Olharan eta Irastorza bikoak 2-0 (15-7 eta 15-7) nagusitu zitzaion Zulaikak eta Etchetok osatutakoari.
Jai Alai World Tour barruko txapelketa da Hondarribikoa, zirkuituan puntu gehien banatzen dituenetako bat. Hilaren 27an eta abuztuaren 3an jokatuko dituzte beste bi final laurdenak, eta abuztuaren 10ean bi finalerdiak. Azken lehia abuztuaren 17an jokatuko da, ETB3ko kamerak zuzenean eskainiko duten jaialdian.
Grand Slamekoa, biharko jaialdiko bigarren partida izango da. Lehenengoa ez da txapelketakoa izango, baina World Tourrean izena emanda dauden pilotari profesionalekin osatutako bi bikotek jokatuko dute: Barandika-Ekhi eta Hormaetxea-Hernandez. Hortaz, maila goreneko norgehiagoka izango da hori ere.
20:00etan hasiko da jaialdia eta, atsedenaldian, gastronomia dastaketa izango da, sarreraren prezioaren barne. Marmitakoa zerbitzatuko dute, eta edateko, Hiruzta txakolina edo Mitarte ardoak aukeran.