Ikusi 13. Hondarribia Blues jaialdiko argazki onenak. Antolatzaileek bikaintzat jo dute 2018ko ekitaldia.
New Orleans Jazz Funeral antzezkizuna, igande arratsaldean, San Pedro kalean
100.000 lagun inguruk gozatu dute XIII. Hondarribia Blues jaialdiaz. Iritsi da balantzea egiteko ordua eta antolatzaileen arabera, “bikaina” izan da aurtengo ekitaldia. “Itxaropenak bete eta gainditu dira atal guztietan. 100.000 lagun inguru etorri dira ostegunetik igandera, eszenatoki guztiak leporaino beteta egon dira, Bentako nagusiarekin hasi, eta Arma Plazakoarekin edo San Pedro kalekoarekin bukatu, Blues Village ahantzi gabe”.
Musika mailari dagokionez, kontzertu “handiak” bizitu direla nabarmendu du Carlos Malles jaialdiko zuzendariak. “Edizio honetan artista maila handia izan dugu eta ezin gara gusturago egon. Badakigu Hondarribia nazioarteko erreferentzia bilakatu dela eta erantzukizun handia da estilo desberdinei toki egingo dien kartela mantentzea, hoberenak ekarrita”.
Malles jakitun da jaialdira hurbiltzen diren asko ez direla blues adituak, eta egitarauan hori kontuan izaten dutela eman du ulertzera: “Aurten aukera handia bildu dugu, Chicagoko bluesa, West Coast, blues rock, swing, soul.. eta ñabardura desberdin asko, bluesa sentitzeko eta interpretatzeko modu ugari, entzun ahal izan dituzte blues zaleek. Horixe da hain aberatsa den genero hori ezagutzera emateko dugun modua, eta urteetan zehar jendearen erantzuna ezin da hobea izan”.
Bestalde, hondarribiarren jarrera goraipatu du jaialdiko arduradunak: “Aipatzekoa da hiriak duen inplikazioa, urtez urte dena ematen baitu artistak eta bisitariak hartzeko. Badakigu horrelako ekitaldi batek baldintzatu egiten duela hiri bateko bizitza, are gehiago Hondarribiaren tamainakoa bada”. Halaber, jaialdiaren antolakuntzan laguntzen dutenei eskerrona luzatu die Mallesek, hori gabe ezinezkoa litzatekeela baieztatuz: “Hiria eraldatu egiten da ekitaldiarekin bat egiteko eta hori guztia ez litzateke berdin izango haien laguntzarik gabe eta Hondarribiko Udalaren, Udaltzaingoaren, Ertzaintzaren, Gurutze Gorriaren, garbiketa zerbitzuen, eta abarren laguntzarik gabe. Guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu”.
Bukatzeko, hurrengo ekitaldiari begira jarri da antolatzaileen burua: “Hamabi hilabete ditugu aurrean bluesaldiaren etorkizunari buruz gogoeta egiteko, eta denbora horretan mahai gainean jarriko ditugu hobetzeko tartea duten puntu guztiak. Ekitaldia izugarri hazi da, hasi ginenean ez zitzaigun burutik pasa ere egiten maila honetara iristea, eta lehen edizio hartatik hamahiru urte igaro ondoren, badira doitzeko eta aldatzeko gauzak, Hondarribia Blues jaialdiak eboluzionatzen jarrai dezan”.