Xake Mate Fibrosi Kistikoari II. Xake Txapelketa Solidarioa jokatu zuten larunbatean Hondarribiko Gipuzkoa plazan, Hondarribia Marlaxkak antolatuta.
Helduen mailako irabazleak, Marlaxkako eta Arnasako presidenteekin
Xake Mate Fibrosi Kistikoari II. Xake Txapelketa Solidarioa jokatu zuten larunbat arratsaldean Hondarribiko Gipuzkoa plazan, Hondarribia Marlaxka Xake Elkarteak antolatuta. 43 jokalarik eman zuten izena, 28 heldu (16 urte edo gehiagokoak) eta 15 gaztetxo (16tik behera), eta bakoitzak 5 euro jarri zituen izen emate gisa. Bildutako kopurua Arnasa, Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren Elkartearentzat izan zen. Fernando Markina Arnasako presidenteak jaso zuen dirua.
Txapelketa suitzar erara egin zuten, sei txandetara; jokalari bakoitzak partidako hamar minutuko denbora izan zuen jokatzeko. Elkartasuna adierazteaz gain, etxekoek kirol maila handia ere erakutsi zuten, bi mailetan lehen bi postuak lortu baitzituzten Marlaxkako kideek.
Helduetan Patxi Moreno izan zen txapelduna, Ander Tafallen aurretik; Ivan Iturralde Gros taldeko donostiarra sailkatu zen hirugarren. 16 azpikoetan, aldiz, Gorka Tafall eta Ibon Muñoz izan ziren txapeldun eta txapeldunorde, eta Azpeitiko Xaputarrak taldeko Aner Alonsorentzat izan zen hirugarren postua.
Moreno, Errenterian onena
Igandean, XV. Gerardo Elcanoren omenezko XXVIII. Errenteriako Hiria partida azkarren txapelketa egin zen Oreretako Reina aretoan, Gipuzkoako klub onenen parte hartzearekin. Patxi Moreno Marlaxkako irundarrak txapelketako jokalari onenaren saria eskuratu zuen. Taldeka, zazpigarren sailkatu zen Marlaxka.