'Kortxo-kentzekoa, ingeniaritza, diseinu eta historia' erakusketa inauguratuko dute gaur Arma Plazan. Jose Mari Lopezen bildumako piezak dira.
Ana Lluch Hiruztako ordezkaria, Jose Mari Lopez eta alkatea, erakusketan
Erakusketa harrigarria inauguratuko dute gaur Arma Plaza kultur eta turismo gunean. Behintzat bi arrazoiengatik harritzen du: batetik, bitxikeria pila biltzen dituelako, eta bestetik, diseinu eta ingeniaritza lan bikainak ikusteko aukera ematen duelako. Jose Mari Lopez hondarribiarrak 3.000 kortxo-kentzeko bildu ditu azken urteetan eta horien aukeraketa zabal bat egin du, erakusteko.
Arma Plaza Fundazioak antolatu du
Kortxo-kentzekoa, ingeniaritza, diseinu eta historia erakusketa Hiruzta txakolindegiaren laguntzaz. Gaur arratsaldean inauguratuko dute, 19:00etan. Zientoka kortxo-kentzeko ikus daitezke, askotarikoak: bakanak, hedagarriak, figuratiboak, urre koloreko labana frantsesak, kremailerakoak, mekanikoak, amerikar kanpai biragarri txikiak, palankadunak, elektrikoak, gasarekin edo airearekin funtzionatzen dutenak… Jatorriari begiratuta, ia mundu osokoak, Australiakok, Filipinetakoak, Amerikakoak… Denek funtzio berbera dute, botilak irekitzea, nahiz eta pieza askorekin zaila egiten den horretarako direla sinistea.
Lopezek onartu du “ordu, kilometro eta bidai asko” inbertitu dituela bilduma osatzeko. 2004an erosi zuen lehenengoa, etxeko bodega apaintzeko. Gutxira, “kortxo-kentzekoen diseinu eta ingeniaritzarekin txundituta” geratu zen, eta ordutik ari da bilduma egiten. Bere faboritoa “1805eko Thomson patentea, benetako ingeniaritza lan bat”.
Bihartik eta abuztuaren 30era arte izango da
Kortxo-kentzekoa, ingeniaritza, diseinu eta historia erakusketa bisitatzeko aukera Arma Plaza kultur eta turismo gunearen udarako ordutegian: astelehenetik larunbatera 10:00etatik 19:00etara, igandeetan 10:00etatik 19:00etara.