Ostiral honetatik aurrera, munduko puntista onenak lehiatuko dira udako zirkuitu profesional barruko Hondarribiko Grand Slam txapelketan.
Santa Maria atean egin dute udarako jaialdien aurkezpena
Ostiral honetatik aurrera, munduko puntista onenak lehiatuko dira Hondarribiko Jostaldi frontoian. Jai Alive enpresak, Hondarribiko Pilota Eskolak eta Hondarribiko Udalak antolatuta, bina partidako zortzi jaialdi egingo dira, eta herriko beste horrenbeste jatetxek prestaturiko marmitakoa dastatzeko aukera izango dute pilota zaleek.
Gaur aurkeztu dituzte aurten hamabigarrenez egingo diren udarako zesta punta jaialdiak. Hondarribiko Alde Zaharreko sarbide nagusi den Santa Maria atean egin dute aurkezpena, eta bertan izan dira Mikel Egiguren pilotaria eta Jai Alive enpresako ordezkaria, Yoni Amboage Hondarribiko Pilota Eskolako arduraduna, Kalixa Silanes Kirol zinegotzia, Eric Irastorza eta Ibai Zulaika puntistak, eta pilota eskolako ikasleetako batzuk.
Zortzi jaialdi, hamasei partida, eta jaialdi bakoitzean, partiden artean marmitakoa banatuko da sarreraren truke. “Zortzi ostiraletan goi mailako zesta puntaz eta marmitakoaz gozatzeko aukera izatea nabarmentzeko moduko aukera da”, baieztatu du Silanesek. Hori da urtetik urtera bisitari gehien erakartzen duen formula arrakastatsua. Prentsaurrekoak nabarmendu dutenez, herriko zortzi jatetxeri, eta Hiruzta txakolindegiari eta Mitarte ardoei esker izaten da posible. Hala, jaialdietara joaten denak, marmitako plater bat jasoko du atsedenaldian, eta edateko txakolina edo ardo beltza aukeran.
Amboagek onartu du udarako jaialdietan pilotari profesionalak ikusteak asko bultzatu duela pilota eskolako zestaren atala: “Hasi ginenean niru helburu genituen, haurrek izena ematea, Hondarribiko kaleetan zestak ikustea, eta Herriartekoa jokatzea. Aurten Herriartekoa jokatu dugu eta horrekin bete ditugu hiru helburuak. Ginga jartzea falta zaigu, eta hori haur hauetako batek jaialdietan debutatzea litzateke, eta nik uste laster ikusiko dugula hori”. Gurasoei eskerrak eman dizkie Amboagek, urte osoan bezala udarako ostiraletan egiten duten borondatezko lanagatik.
Maila ezin altuagoa
Hondarribiko jaialdietara munduko puntista onenak etorriko direla nabarmendu du Egigurenek: “Hamabi urte daramagu lanean eta sinergia bat lortu dugu, Hondarribia zestako leku garrantzitsuenetako batean jartzeko. Aurten ere Jostaldi izango da jaialdi gehien jasoko dituen Hego Euskal Herriko frontoia”.
Udarako txapelketa nagusia Hondarribiko Grand Slama izango da, ostiral honetan hasi eta abuztuaren 10ean bukatuko dena. “Gero beste bi jaialdi jokatuko dira, babesleei eskerrak emateko balioko dutenak”, gaineratu du Jai Alivekoak. Sarrerak Arma Plazako turismo bulegoan egunero edo ostiraletan Jostaldin eros daitezke.
Pilotari gehienak, Ameriketako denboraldia bukatuta lehiatuko dira Jostaldin. Eric Irastorza Mexikon aritzen da neguan, eta onartu du ilusio handiz etortzen dela Hondarribira: “Zestarako oso leku ona da, haurrak daude, eskola dago, inportantea da hori guretzat”. Jokatuko diren partidak Jai Alai World Tourrerako puntuagarriak direla nabarmendu du Bidartekoak. “Beti da zaila irabaztea hemen, pilotari onenak daudelako eta oso ondo jokatzen delako hemen. Oso kantxa berezia da, ikuskizuna ematen saiatuko gara, baina zirkuitu barruko plaza da eta irabaztera gatoz, hori argi dago”.