Hondarribia Blues hasteko astebete eskas geratzen denean, «azken orduko gauza pila horiek zehazten» dihardu jaialdiko zuzendariak.
Carlos Malles iaz, White Towels bere taldearen emanaldian
Astebete eskas falta da jaialdirako. Nola daramazu?
Ondo, azken astean badakizu nola ibiltzen garen, aldapa behera eta balaztarik gabe. Azken orduan gauza txiki pila sortzen dira, eta horiek ondo zehaztuta utzi behar dira jaialdiak arrakasta izatea nahi baduzu. Detaile horietan dago gakoa jaialdi mota baten edo beste baten artean.
Azken urteetan Hondarribiko Udaleko Turismo departamentuak antolatu du blues jaialdia, nahiz eta lan zikina Hondarribia Blues Elkarteak egiten zuen. Aurten berriro elkartea azaltzen da antolatzaile bezala. Zer suposatu du aldaketa horrek?
Batez ere lan egiteko askatasun gehiago izan dugu. Hasierako formulara itzuli gara. Udala antolatzaile zenean ez genuen behar adinako bizkortasunik erabaki jakin batzuk hartzeko. Horrelako ekitaldi batean argi dago erabaki batzuk hamar minutuan hartu behar direla, eta udala bezalako erakunde batek ezin du hori egin.
Egunean 24 orduz lan egin dezakezue zuek, udalak ez…
Hori da. Gai batzuk plenora joan behar dira, onartuak izan, asteak behar izaten dira zuk goiz batean behar duzun hori lortzeko.
Publikoak aldaketa nabarituko al du?
Ez dut uste. Lan egiteko moduaz ari gara, finean. Bai udalak, bai guk, formula hori adostu dugu. Kontent gaude, talde ona osatu dugu, eta epe motz eta ertainera edizio bikainak izango ditugula ziur nago.
Kartel lehiaketarik ez da egon aurten… Sergio Perez irundarrak egin du.
Bai, batez ere data kontuagatik erabaki dugu horrela egitea. Azken bi ekitaldietan egin da lehiaketa, aurrekoetan ez. Aurten nola funtzionatu behar genuen ikusi genuenean, kartela lehenbailehen behar genuen, ezin genuen lehiaketa bat konbokatzera zain egon. Sergiori eskatu genion, egin zen lehen lehiaketa berak irabazi zuen, eta konfiantza osoa dugu beregan. Gutxi gorabehera zer nahi genuen esan genion, eta gure ideiak bikain txertatu ditu kartelean.
Zer nahi izan duzue aurtengo kartelak adieraztea?
Blues hutsa, hori nahi genuen. Kartela oso klasikoa da, irudia blueseroa da guztiz, kartela ikusita ez dago zalantzarik hau blues jaialdi bat izango dela.
Beste berritasun bat: Hondarribia Blues Sari bikoitza banatuko duzue aurten.
Bai, talde berari, Canned Heat bandari, baina bikoitza behar zuen. Hasierako formaziotik bi musikari geratzen dira eta polita zen biei ematea.
Ostegunean joko dute. Orduan emango al zaie?
Bai, aurten ostegun gauean banatuko da saria. Azken urteetan larunbatean egin da, hala tokatu delako. Baina aurten ostegunez egingo da.
Zein beste izarrek bisitatuko gaituzte aurten?
Ez dakit zein nabarmendu. Argi eta garbi Canned Heat eta Raimundo Amador dira izen gehien dutenak, baina urtero ikusten ditugu ezustekoak. Etortzen diren talde guztien maila izugarria da, seguru asko hain ezagunak diren hauek baino gehiago. Iaz Annika Chambers eta Igor Prado izan ziren ezusteko handiena. Aurten ez dut eskua su gainean jarriko, baina Mark Hummelen Golden State Lone Star Review banda sekulakoa da, edo Chicagoko musikariekin egin dugun bilgunea, Tia Carroll oso ondo egongo da… Eta, pertsonalki, Bayou Moonshiners senar-emazteek aztarna utziko dutela uste dut, New Orleanseko musika oso ederra egiten dute… Baina, oro har, banda guztien maila itzela da.
Jaialdiaren ezaugarrietako bat nahasketa horiek dira, talde desberdinetako musikarien bilguneak, kontzertuetan, eguerdietako otorduetan, igandeko jam saioan…
Bai, hala da. Eta aurten batez ere esklusibotasuna bilatu dugu. Jaialdietan ohikoa da bandak jaialdi batetik bestera pasatzea, eta hori ez genuen nahi. Nortasun ezaugarri hori nahi genuen, esklusibotasuna. Canned Heaten estatuko kontzertu bakarra izango da, Golden State Lone Star Review bakarrik kontzertu honetarako dator Europara, gero AEBra itzuliko dira, Chicago All Stars kontzertuko musikariak guk aukeratu ditugu… Beste jaialdietan egongo ez diren taldeak izango ditugu Hondarribikoan.
Euskal Herriko hiru talde, eta beste bi asteburu honetako aurretiko saioetan. Hori duela 13 urte, hasi zinetenean, oso zaila zen.
Ezinezkoa, erabat lortu ezina zen. Bluesa jarraitzaile gutxi dituen estiloa da, Euskal Herrian zer esanik ez. Pixkanaka-pixkanaka sustapen hori lortzen ari gara, gero eta gehiago dira bluesa egitera animatzen diren bandak, eta guk egin dezakegun gutxiena haiek babestea da, aukera eman. Gauero eszenatoki nagusia Euskal Herriko talde batek irekiko du, legenda handiekin oholtza partekatzeko eta publikoaren aurrean jotzeko aukera izan dezaten.
Une tristerik ere izango da aurten. Igande arratsalderako hileta bat azaltzen da egitarauan.
[Barre egin du] Tristea kakotx artean, ez? Bai, New Orleanseko hiletak nolakoak diren ezagutzeko aukera izango da igande arratsaldean San Pedro kalean. Festa handia izango da. 30 aktore baino gehiagok parte hartuko dute, musikari eta dantzari profesionalak. Hasteko prozesioa irudikatuko dute, hilkutxarekin, denak triste joango dira…. Baina gero San Pedro kalean egingo dute antzezkizuna, eta nahiko komikoa izango da. Dixie banda jotzen hasten denean, New Orleanseko pelikuletan ikusten diren festa horietako bat muntatuko da San Pedro kalean.
Iaz musikari bezala jardun zenuen jaialdian, zure talde White Towels Blues Bandarekin bateria jotzen (argazkian). Nonbait zortea eman zizun, ordutik ez baitzara gelditu.
[Irribarrez] Egia da iazko urtea oso potentea izan zela guretzat, jaialdi askotatik deitu zigutela. Aurten jarraitu dugu, leku askotan jo dugu, aurreko asteburuan Suitzan egon ginen, Lleidara joango gara… baditugu gauza polit batzuk lotuta. Iazkoa polita izan zen, baina etxean jotzen duzuenean ez daukazu burua behar den lekuan, ez duzu behar bezala disfrutatzen horrelako aukera bat. Baina bandak merezi zuen.
Aurten lasaiago orduan?
Bai, zentzu horretan bai. Egun hauetan mila gauza zaindu behar dituzu, eta burua horretan edukiko dut bakarrik.
Zer esango zenieke inoiz Hondarribia Blues jaialdian egon ez diren Oarsoaldeko eta Bidasoko herritarrei?
Etortzeko esango nieke. Kalitatea eta goxotasuna da eskaintzen duguna, kalitatea musikan eta antolakuntzan, eta goxotasuna Hondarribiak eta hondarribiarrek emateko dutena. Lehen aipatu dizut bluesak ez dituela jarraitzaile asko, baina jaialdiak bai. Blues musika zuzenean bizitzeko da, eta jendeak dagoeneko badaki jaialdira zer nolako mailako musikariak datozen. Eta herriaz zer esan, duen kultura, ondarea, jendea… Asteburuko plana egiteko koktel ezin hobea da Hondarribia Blues jaialdia.