118 bizitza eraikiko dituzte guztira. Bertakoentzakoez gain, beste 230 tokirentzako disuasio aparkalekua eraikiko dute Biteri eskola parean.
Presa I lur zoruan egingo dituzte etxebizitza gehienak, baita aparkalekua ere
118 etxebizitza, horietatik 76 alokairu sozialekoak. Horiexek osatuko dute Hondarribiko Udalak eta Euskadiko Etxebizitza eta Lurra erakunde publikoak (Visesa) sustatuko dituzten Presa I eta Presa II etxebizitza publikoen hurrengo promozioak. Gaur Udalerria batzordean adostu dute akordioa udal taldeek, eta bileratik aterata, komunikabideen aurrean azaldu da Txomin Sagarzazu alkatea, erabakiaren berri emateko. Dena ongi, hondeatzaileak lur zoruetara hiru urte barru sartuko direla aurreratu du.
Sagarzazuk argitu duenez, uztaileko osoko bilkuran bozkatuko dute gaur adostutakoa, eta alokairuzko etxebizitzen aldeko urratsa dela nabarmendu du: “Hurrengo urratsa plenora eramatea izango da. Argi utzi nahi dut hitzarmen honek alokairuko etxebizitzen aldeko apustua berresten duela, eraikiko diren etxebizitzetatik %64 alokairukoak izango baitira. Ez dugu ahaztu behar, datozen asteetan Muliate II fasean eraiki diren 65 babeseko etxebizitzak entregatuko direla; horietatik 33 alokairukoak dira eta 32 salmentakoak”.
Presa I promozioan (Biteri eskola pareko orubean) egingo dira etxebizitza gehienak, 84 guztira; 42 alokairuzkoak eta beste horrenbeste salmentazkoak. Presa II-n (Jostaldi pilotalekuaren ondoan), aldiz, beste 34 egingo dituzte, alokairu sozialekoak denak: “Udalaren helburua, azken hauetatik bi heren gazteentzat, 35 urtetik beherakoentzat izatea, eta heren bat familientzat zuzenduta”.
Hitzarmenaren arabera, Visesak eraikiko ditu etxebizitzak eta Hondarribiko udalak, lur zoruak eskaintzeaz gain, 864.000 euro jarriko ditu proiektua burutzeko: Presa Ieko bizitza bakoitzeko 6.000 euro eta Presa II etxebizitza multzoko bizileku bakoitzeko 18.000 euro.
230 aparkatzeko toki
Etxebizitzek bezain beste garrantzia edo gehiago izango dute Presa I promozio azpian eraikiko dituzten aparkalekuek. Izan ere, bizilagunek beharko dituztenak baino 230 leku gehiago egokitzea adostu dute udalak eta Jaurlaritzak, 2 solairutan banatuta. “188 leku errotaziokoak lirateke eta beste 42ak salmentakoak”, zehaztu du alkateak. Etxebizitzekin batera eraikiko du aparkalekua Visesak, baina udalaren esku geratuko dira barne egokitzapenak eta kudeaketa.
Presa I orubearen kokapena kontuan izanik —Alde Zaharraren ondoan eta Portutik bost minutura oinez—, Hondarribiko lehen disuasio-aparkalekua izango litzateke. «Aparkaleku honek disuasio efektua izango luke, eta kargatuak egon daitezken beste gune batzuk arindu», erantsi du Sagarzazuk.
Obrak iraun bitartean Biteri eskolako gurasoek ezingo dute eskola pareko orubea erabili, eta udalak beste leku bat egokitu beharko du haurrak eraman edo jasotzera ibilgailuz joaten direnentzako. Baina hiru urte dituzte soluzioa pentsatzeko, epe hori igaroko baita Presa I eta Presa II eraikitzen hasi artean.