50 palista elkartuko ditu lehen Arroja! Challenge probak
Arroja! Challenge 2018 egingo dute larunbatean Hondarribian. Amuitz Klubak antolatu du eta Euskadiko Surfski Kopako lehen proba izango da.
Arroja! Challenge 2018 egingo dute larunbat arratsaldean Hondarribian, Amuitz Outrigger Kanoa Klubak antolatuta. Euskadiko Surfski Kopako lehen proba izango da, aurrenekoz Hondarribian egingo dena. 50 kirolari inguru lehiatuko dira, eta espigoi aldean izango dute irteera eta helmuga. Ibilbidea eguraldiaren arabera zehaztuko dute, itsas kayakek haizea eta olatuak behar dituztelako. Asteartean aurkeztu zuten proba kirol kaiko kapitanian. Bertan izan ziren Kalixa Silanes kirol zinegotzia, Manez Martinez Amuitzeko presidentea, Jose Garcia klubeko kidea, eta Oriol Ruiz Cabestany kirol kaiko zuzendaria. Kalixa Silanes Kirol zinegotziak nabarmendu duenez, “hain ezaguna ez den kirol bat ezagutzeko aukera izango da larunbat arratsaldean. Beste batzuetan traineruak txalotzeko erabiltzen da espigoia, oraingoan piraguistei berotasuna adierazteko balioko du”. Duela hiru urte inguru sortu zen Amuitz, itsas kayak eta kanoa hawaiiarra sustatzeko. Manex Martinez presidenteak adierazi bezala, klubaren helburuekin bat dator Arroja! Challenge 2018 proba: “Kirol mota berri hau Bidasoan eta batez ere Hondarribiko herriari erakusteko, pentsatu genuen egokiena zela Amuitzek Euskadiko Kopako proba bat antolatzea”. Horrekin, Bidasoaren itsasoratzea kirol mota hau praktikatzeko “leku interesgarria” dela erakutsi nahi dute. Bi lehiaketa egingo dituzte, sprinter proba, batetik, eta tradizionala eta kadete mailakoa, bestetik. Lehengoak ontzi azkarragoak direnez, hamabost kilometroko ibilbidea egin beharko dute. “Gure asmoa Biosnar aldera joatea eta bertan buelta egitea, baina itsasoaren arabera, ibilbidea aldatu daiteke”, zehaztu zuen Martinezek. Ontzi tradizionalak —inuiten kanoetan oinarrituta daude— motelagoak dira, eta hamar kilometroko beste ibilbide bat egokituko dute haientzat eta kadeteentzat. Aurretik abiatuko dira hauek, 16:00etan; sprinter modalitatekoak pixka bat beranduago, gutxi gorabehera denak elkarrekin iristeko. Presidenteak nahiko ardura izango ditu larunbatean, baina Amuitz klubeko gainontzeko kideek lehiatzeko asmoa dute. Garciak onartu zuen bera ez dagoela “behar bezain fin”, baina Jon Sagrado, Iren Aierdi eta Mikel Amenabar klubeko beste kideek “ahalik eta hoberen” egiteko asmoa dutela: “Jon nahiko aurrean egon daiteke, baita Iren bere mailan ere”. Garciak baieztatu zuen oso leku ona dela surfskia praktikatzeko: “Itsasoa ondo badago, bikaina, eta gaizki badago babesguneak ditu”. Larunbatekoaz galdetuta, helburua lehiatzea bai, baina “dibertitzea” ere badela erantsi zuen: “Eguraldiaren arabera erabakiko dugu norantz atera, ahalik eta ibilbide dibertigarriena bilatzeko”. Hondartzan erakusgai Itsas kayaka eta kanoa hawaiiarra sustatzeko xedez sortu zen Amuitz Kluba orain hiru urte. Aurtengo udaran lehen aldiz lekutxo bat izango dute hondartzan, “ikastaroak eta piraguen alokairua eskaintzeko”. Itsas kayakak eta kanoa hawaiiar ikusgarriak dituzte eskaintzan. Surfskiari dagokionez, “modelo berri batzuk” ekarri dituztela gaineratu zuen Amuitzeko presidenteak, “Euskal Herrian eta Kantauri osoan aurkitu ezin daitezkeenak”. Irakurri: